Irungo Udaleko Kultura Zerbitzuak jakinarazi duenez, izen-emate epea ireki eta gutxira erabat agortu direla datorren ekainaren 24an (asteazkena) Ficoban egingo den adinekoentzako bazkari-omenaldirako gonbidapenak. Aurten banaketa-ritmoa inoiz baino azkarragoa izan da; izan ere, goizeko 08:00etan eskaerak egiteko epea ireki bezain laster, 400 telefono-dei inguru sartu ziren lehenengo minutuan soilik (iazko bikoitza, gutxi gorabehera).
Gogorarazi dutenez, bazkari herrikoi hau Irunen erroldatuta egon eta ekainaren 24a baino lehen 65 urte beteta dituzten adinekoentzat da. Izena ematea hurrenkeraren arabera egin daDenbora errekorrean esleitu diren 700 lekuetatik, 593 telefonoz bideratu dira eta gainerako 107ak udal webgunearen bidez.
Txartelak jasotzea
Lekua ziurtatu duten herritarrek Amaia KZko txarteldegian jaso beharko dituzte txartelak ekainaren 3an, asteazkenean, eta ekainaren 4an, ostegunean, goizeko 09:30etik eguerdiko 13:30era bitartean. Horretarako, nahitaezkoa izango da NAN originala aurkeztea. Pertsonalki joan ezin izanez gero, beste norbaitek jaso ahal izango du, betiere inskribatutako pertsonaren NANaren fotokopia erakutsiz. Egunean bertan, ekitaldiari hasiera emateko, jasotako txartela Ficobako 3. pabiloiko atean aurkeztu beharko da.
Autobus zerbitzu berezia
Gainera, adinekoen joan-etorria errazteko, Udalak doako autobus zerbitzu berezia jarriko du martxan Fermin Calbeton kaleko geltokitik. Ficobarantz joateko autobusak 12:30etik aurrera aterako dira, eta azken irteera 13:30ean izango da. Fermin Calbetonera bueltatzeko itzulera zerbitzua 17:00etan hasiko da Ficobatik, eta azken bidaia arratsaldeko 19:00etan egingo da.



