LANEAN mugaz gaindiko enplegu azoka sendotu egin da bere bigarren edizioan

Mugaz gaindiko Lanean Enplegu Azokaren II. edizioa arrakastaz amaitu da, Gipuzkoa, Nafarroa eta Akitania Berriko enpresen eta lan bila dabiltzan pertsonen arteko erreferentziazko topagune gisa sendotuz. Jardunaldia Irungo eta Hondarribiko udalek antolatu dute, Bidasoa Bizirik elkartearen bidez eta Euroeskualdearekin batera. Ficobako erakustazokan 51 enpresa parte-hartzaile bildu dira guztira, eta horiek 161 lan-eskaintzaren bitartez 508 lanpostu huts jarri dituzte herritarren eskura. Bidasoa Biziriketik oso positiboki baloratu dituzte bigarren edizio honetako emaitzak, iazko datuak hobetzea lortu baita.

Goiz osoan zehar, ehunka pertsonak ostalaritza, industria, elikadura, merkataritza edota zerbitzuen sektoreetako enpresekin elkarrizketak eta harreman zuzenak izateko aukera bikaina izan dute. Lan bila hurbildu direnek, elkarrizketa guneez gain, lan-orientazioko zerbitzuak, mugaz gaindiko enpleguari buruzko informazioa eta curriculumak inprimatzeko laguntza jaso dituzte. Gainera, enplegagarritasuna hobetzeko eta herritarrei benetako lan aukerak gerturatzeko asmoz, argazkilari profesional baten zerbitzua ere egon da eskuragarri.

Nuria Alzaga Bidasoa Bizirikeko presidenteak nabarmendu duenez, “LANEAN tresna eraginkorra da mugaz gaindiko lurraldean talentua eta enpresak konektatzeko. Parte-hartze datuek eta enpresek nahiz bertaratutako pertsonek erakutsitako interesak agerian uzten dute benetako beharra dagoela honelako topaguneak sortzeko”. Bestalde, Estitxu Urtizberea Bidasoa Bizirikeko presidenteordeak gaineratu du azoka honek mugaren bi aldeetan enplegagarritasuna sustatzeko eta lan aukera berriak errazteko egiten duten elkarlana indartzen duela, lurraldeen arteko lankidetza bultzatuz. Azoka hau POCTEFA EFA154/04 Europako proiektuaren parte da, hiru lurraldeen arteko integrazio ekonomiko eta soziala sendotzeko helburuarekin.

Parte hartu duten enpresek zein herritarrek ere oso balorazio positiboa egin dute bizi izandako esperientziari buruz. Olatzek, Martiko enpresako ordezkariak, azaldu duenez, “guretzat pribilegioa da egun eta leku berean bilatzen ditugun profilekin bat datozen pertsonak elkarrizketatu eta ezagutzeko aukera izatea. Gainera, gure enpresarentzat oso interesgarriak diren profilak aurkitu ditugu”. Aldiz, Martak, azokan lehen aldiz parte hartu duen herritarrak, ekimenaren balio praktikoa azpimarratu du: “Oso interesgarria iruditu zait hainbat enpresa leku eta egun berean ezagutu eta elkarrizketatzeko aukera izatea; izan ere, harreman zuzena asko errazten du eta bestela aurkituko ez nituzkeen aukerak ezagutzeko aukera ematen du”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude