Itziar Vergara mediku eta ikertzaileak egingo du 2026ko Sanmartzialetako agur ofiziala

Irungo Udalak jakinarazi duenez, Itziar Vergara Mitxeltorena mediku, ikertzaile eta gaur egun Biogipuzkoako zuzendari zientifikoa arduratuko da datorren ekainaren 23an, asteartea, 2026ko San Pedro eta San Martzial jaien agur ofiziala egiteaz. Cristina Laborda alkateak gaur, ekainak 11, eman du erabakiaren berri, pertsonen osasuna eta bizi-kalitatea hobetzen lagundu duen profesional baten ibilbidea aitortuz. Hautaketa honekin, Udalak lehen mailako arretak, ikerketak eta zientziak gizartearen aurrerapen kolektiborako tresna gisa duten funtsezko garrantzia nabarmendu nahi izan du herritarren aurrean.

Alkatearen hitzetan, irundar hau aitortzea besteen zerbitzura eskainitako bizitza oso bati gorazarre egitea da, osasuna bezalako eremu estrategiko batean. Labordak azpimarratu du Itziar Vergarak jaietan ere islatu nahi dituzten balio nagusiak irudikatzen dituela, hala nola gizartearekiko konpromisoa, zerbitzu publikoen defentsa sutsua eta herritarren zerbitzura jarritako ezagutza. Ekitaldi instituzional nagusia ekainaren 23ko iluntzean izango da; ohiko San Joan sua piztu aurretik, ikertzaile irundarrak udaletxeko balkoitik hitz egingo du alkatearekin batera jaien hasierako agur ofiziala emateko.

Itziar Vergara Mitxeltorena

Itziar Vergara Mitxeltorena (Irun, 1968) Biogipuzkoa Osasun Ikerketarako Institutuko (lehen Biodonostia zena) zuzendari zientifikoa da 2022tik. Bertan, 400 profesional baino gehiago eta dozenaka ikerketa-talde koordinatzen ditu onkologia, gaixotasun neurologikoak (hala nola AEA), zahartzea edota gaixotasun arraroen inguruko aurrerapenetan. Lanbidez lehen mailako arretako medikua da, Osasun Publikoko Masterra egin zuen Kaliforniako Unibertsitatean (Berkeley) eta Medikuntzan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Bere ikerketa-ildo nagusia zahartzeari lehen mailako arretatik nola heldu aztertzea izan da.

Bere ibilbide akademiko eta profesionalean zehar, artikulu eta lan ugari argitaratu ditu eta zahartzeari, osasun komunitarioari zein osasuna eta generoari buruzko kongresu eta ikastaroetan irakasle aritua da. Horrez gain, lotura estua mantentzen du bere jaioterriarekin zientzia-dibulgazioko ekimenen bidez, herriko Historia eta Zientzia Zikloan parte hartuz ezagutza herritarrengana hurbiltzeko. Alkateak amaitu duenez, Itziar Vergara aitortzea ikerketatik, lehen mailako arretatik eta zaintzatik gure osasun-sistema publikoa egunero sostengatzen duten pertsona guztiak aintzat hartzea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude