Sanpedro eta Sanmartzial jaien olatuak indartsu jarraituko du datorren uztailaren 1ean, asteazkena, Irunen. Egun honetako programazio ofizialak euskal esentziarik tradizionalena eta proposamen berritzaileak uztartuko ditu hiriko hainbat txokotan, adin guztietako herritarrei zuzendutako ekintzekin. Gainera, egun honetan ospatuko da, azkenean, aurreko astean bero-bolada dela eta segurtasun eta zuhurtasun neurri gisa atzeratu behar izan zen adinekoen omenaldi-bazkari jendetsua, Ficobako pabilioietan egingo dena.
Goizeko jarduerek herri-kulturari helduko diote bete-betean, eta Urdanibia plaza izango da jarduera guztien topagune nagusia Irungo Euskal Kirolak elkarteari esker. Eguna goiztiarrentzako ganadu erakustaldiarekin hasiko da goizeko 08:00etan, inguruko abeltzainen lanari ikusgarritasuna emateko. Ondoren, 10:00etatik aurrera, trikitilariek plaza doonuz eta dantzaz girotuko dute, eta 11:30ean bertsolarien txanda izango da euren mihi zorrotzekin bat-bateko saio herrikoia eskaintzeko. Goizeko txanpa indartsua amaitzeko, eguerdiko 12:00etan, herri kirolen erakustaldi klasikoa jokatuko da kokapen berean.
Eguerdiko ordu nagusietan, adinekoen omenezko bazkaria izango da protagonista Ficobako 3. pabilioian, 14:00etatik 18:00etara bitartean, Orquesta Tsunamik alaituriko bazkari eta dantzaldiarekin. Joan-etorriak errazteko, Udalak doako autobus zerbitzu berezia jarriko du herritarren eskura; irteerak Fermín Calbetón kaleko geralekutik abiatuko dira 12:30etik 13:30era, eta Ficobatik bueltatzeko zerbitzua arratsaldeko 17:30ean hasi eta 19:00etan amaituko da, azken bidaia ordu horretan eginez.
Arratsaldeak kirola, dantza eta barreak ekarriko ditu hiriko erdigunera eta frontoietara. Alde batetik, 18:00etan, Uranzu frontoiak esku pilota jaialdi profesionala hartuko du Kurpil Kirolak elkartearen eskutik, eta ordu berean, Betti Gotti Euskara Kultur Elkarteak fandango eta arin-arin txapelketa zein herri erromeria irekia antolatuko ditu Urdanibia plazan. Ondoren, 19:00etan, Gauerdi fanfarreak Zabaltza plaza eta Luis Mariano lorategiak musikatuko ditu, 20:30ean hasiko den bakarrizketa jaialdiari bide emateko; bertan, Mikel Bermejo eta Patricia Galván umoristek umore saio bikaina eskainiko dute Zabaltza plazan bertan.
«Munduko jaiak» drone ikuskizunean
Aurtengo sanpredro eta sanmartzialek badute berritasun ikusgarri bat aurten, drone eta musika ikuskizun bat, datorren uztailaren 1eko 22:30etan eskainiko dena. Aurreneko aldiz antolatuko da horrelako emankizun bat Irunen, jai-programari amaiera bikaina emateko, esperientzia bisual berritzaile eta jasangarria denez, adin guztietako publikoarentzat egokia baita. Ordu laurdenez, gutxi gorabehera, 300 drone Gal estadioaren ingurumarietan hegan ibiliko dira, «Munduko jaiak» izeneko aireko koreografia antzezteko dantzan. Ikuskizunean zehar, konposizio argitsu zenbait ageriko dira zeruan, herrialde askotako jai ospakizunetan inspiratuta, baita sanmartzialekin lotutako sorpresa batzuk ere.
Nuria Alzaga lehen alkateorde eta Kulturako ordezkariak nabarmendu duenez, ikuskizun honekin proposamen berritzaile bat eskaini nahi izan dute, Irunen inoiz ikusi gabea, jaiei modu oso desberdin batean agur esateko. Herritar guztiek aukera izango dute, beraz, adin guztietako jendea txundituta utziko duen ikuskizun honetaz gozatzeko. Eta berritzailea bakarrik ez, proposamenak, gainera, ingurumena errespetatzen du, ez baitu hondakinik sortzen, eta inklusiboa da, eztanda zaratarik gabekoa denez ez baitu eragin negatiborik sentikortasun akustikoa duten pertsonentzat edo animalientzat.
Udalak Ficoba kanpoaldeko zabalgunera joateko deia luzatzen die ikuskizunaz gozatzera doazen herritarrei, bertatik ikusiko baita ondoen. Eremu sonorizatua izango da gainera, bertan instalatuko baita droneen koreografia akonpainatzeko musika. Horren harira, emankizuna behar bezala ikusteko garrantzitsua da publikoak ikuspegi garbia izatea Gal estadioaren gainean, bistari traba egiten dioten elementuak saihestuta, hala nola zuhaitzak, farolak, zutoinak edo bestelako oztopoak. Ikuskizuna dela eta, Ficoba inguruko errepideak moztuta egongo dira, ikusleak galtzadan ere jar daitezen. Bestalde, segurtasun-perimetro bat ezarriko da Gal estadioaren inguruan 22:00etatik 23:00etara, gutxi gorabehera. Tarte horretan, ezingo da inor sartu estadio inguruan, bidegorrian eta Santiagotarrak aldean, ez eta zona horietatik ibili ere. Gainera, erakustazoka itxita egongo da, ikuskizunak iraun bitartean.
Publikoa errazago bertaratu dadin, batik bat aldez aurretik Zabaltzan programatutako dauden bakarrizketetara joatekoak direnei dagokienez, kalejira bat antolatu da Los Perolas fanfarrearekin. Ficobarantz abiatuko dira 22:00ak aldera. Droneen emankizuna amaitutakoan, 22:45 aldera, fanfarre horrek berak San Juan plazara joko du, publikoarekin batera, eta jai giroan agur esango diote sanpedro eta sanmartzialei amaiera emateko modu berritzaile hau ekarriko duen gauari.



