Gaur egin da ekainaren 6tik 8ra Irunen jokatuko de Eskubaloiko Errege Kopako zozketa-ekitaldia. Zozketa Madrilgo Kirol Kontseilu Gorenaren (CSD) egoitzan egin da eta bertan izan da Cristina Laborda Irungo alkatea Irun aurtengo edizioko hiri-anfitrioi gisa aurkezteko. Irudek Bidasoa Irun taldeari Bathco Torrelavega taldea egokitu zaio fina laurdenak jokatzeko. Alkateak adierazi duenez, Irun prest dago jada ekainaren 6tik 8ra bitartean kirol-diziplina horretako talderik onenak hartzeko “Irun, Eskubaloiaren Lurraldea” lelopean.
“Ohore handia da niretzat, Irungo alkate naizen aldetik, aurtengo Eskubaloiko Errege Kopan hartuko zaituzten hiria ordezkatu ahal izatea”, izan dira bere lehen hitzak. Irungfesko zaleen grina eta balioak nabarmendu ditu alkateak, “zaletasunari emana eta errespetuzkoa, kirol hau bizi-bizi bizi duena, baina baita balioekin ere”.
Bere mintzaldian, Labordak hiriak kirol horretan izan duen ibilbide historikoa nabarmendu du, eta, zehazki, duela bi aste bizi izandako unea ekarri du gogora; izan ere, Bidasoaren azken hitzordu europarrean Alemaniako taldeari izugarrizko harrera egin zitzaion, Irungo zaleek, bere taldea animatzeaz gain, aurkaria ere animatu baitzuten, “zaletasun horrek aurkariaren ahalegina aitortu eta eskubaloi onaren ikuskizuna baloratzen baitu”, gaineratu du.
Alkateak, halaber, ekitaldia hiriko kirolaren orainaren eta etorkizunaren erakusleiho gisa garrantzitsua izango dela azpimarratu du, eta bereziki aipatu du IAM pabiloi berria, azpiegitura modernoa eta nazioartera begira pentsatua, 2029an Emakumezkoen Munduko Eskubaloi Txapelketaren egoitza izango baita.
“Errege Kopa gure hirian egitea aukera paregabea da, zer garen, zer sentitzen dugun eta zer ordezkatzen dugun herrialde osoarekin partekatzeko”, adierazi du Labordak, eta eskerrak eman dizkie Kirol Kontseilu Gorenari, Espainiako Eskubaloi Errege Federazioari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta inplikatutako klub guztiei, “Errege Kopa handi bat posible bihurtzeagatik”.
Irun prest dago jada ekainaren 6tik 8ra bitartean kirol-diziplina horretako talderik onenak hartzeko. Jarduera paraleloen programa zabala izango da, eta giro oneko fan-gune bat ere bai. Oro har, giro aparta, Gipuzkoako herri honen ezaugarria baita hori. “Besoak zabalik eta ikuskizun ahaztezin batez gozatzeko irrikaz itxaroten zaituztegu”, esanez amaitu du Labordak.
Bere aldetik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendaria den Roberto Ramajok lurraldean Kopako fase final bat horrenbeste denbora eta gero ez antolatu izanaren galderari erantzun nahi izan du: “baietsi dezaket ez dela kontu hutsala. Gipuzkoa eskubaloia delako. Sinple eta argi. Ez da iritzi bat, baizik eta datuek bermaturiko zerbait. Lurraldeko alde batetik bestera eskubaloia dugu gure 27 klubei esker. Eta Hispanoen kategoria ezberdinen deialdietan, beti aurkitu daiteke gipuzkoarren bat. Guzti hori, ahaztu gabe espainiar eskubaloiaren mitoen artean gipuzkoar bat aurkitzen dela, Julen Aguinagalde irundarra, hain zuzen ere”.
Zozketa honek azken txanparen hasiera markatzen du, eta, amaieran, sailkatutako zortzi taldeetako batek bakarrik irabaziko du Errege Kopa, 50. urteurrenean.



