San Pedro eta San Martzial jaien ostean, Irunek ez du kultur pultsua galduko uda murgilduan. Uztailetik irailera bitartean adin eta gustu guztietarako 20 bat proposamen biltzen dituen egitarau zabala aurkeztu du Nuria Alzaga lehen alkateorde eta Kultura ordezkariak. Ekimenak hiriko hainbat espazio publikotan banatuko dira, herritarrek zein bisitariek kaleko bizitzaz gozatzeko aukera izan dezaten. Egitarauaren ardatz nagusiak Zabaltza plazan kokatutako totem informatibo erraldoi batean kontsulta daitezke jada; elementu hau aurten Ainhoa Gordo tokiko artistak diseinatu du, Udalak bertako ilustratzaileekin duen lankidetza-ildorari jarraituz.
Nuria Alzagak azaldu duenez, helburua da “festak amaitu arren, kulturak aurrera jarraitzea, eguneroko bizitzaren parte baita”. Ekimen honek, herritarrei aisialdi aberatsa eskaintzeaz gain, hiriko kaleak, plazak eta dendak dinamizatzen lagunduko du, tokiko ekonomian eragin oso positiboa sortuz. Ordezkariak eskerrak eman nahi izan dizkie egitaraua osatzen lagundu duten elkarte, erakunde eta borondatezko pertsona guztiei. Dena den, Kultura ordezkariak adierazi du Zabaltza plazako totemean ikusi daitezkeenak hiriaren erdialdean gertatuko diren ekintzak direla, baina auzo elkarteek auzoko jaien eta Aurrekontu Parte Hartzaileen bitartez antolatutako auzoko ekitaldien egitarau zabala dela ere.
Dies Oiassonis eta Euskal Jira
Uda honetako hitzordu nagusietako bat Dies Oiassonis Erromatar Jaialdiaren XVI. edizioa izango da, uztailaren 15etik 19ra bitartean ospatuko dena. Jaialdiak erromatarren ondarea gerturatuko die herritarrei 50 jarduera ingururen bidez, hala nola ‘Navigium Isidis’ tradizionala, Zirko Erromatarra, Pintxo Erromatarraren ibilbidea edota Amaia KZko antzerki klasikoa. Aurten, Museo Oiassoko terma erromatarren alboko plazak eta Almudena Grandes plazak indar handia hartuko dute hitzaldi, antzerki eta Nayade Abesbatzaren emanaldiekin.
Bestalde, abuztuaren 7tik 9ra, Urdanibia plazak Euskal Jiraren 46. edizioa hartuko du. Tradizioa, musika, dantza, gastronomia eta euskal folklore herrikoia uztartuko dituen ezinbesteko hitzordua izango da, antzinako ohitura eta usadioak gogora ekarriz eta plaza kolorez betez.
Gizarte konpromisoari dagokionez, musika eta natura lotzen dituen Urmuga ekimena uztailaren 18an iritsiko da Bidasoa ibaiaren ertzera. Santiagotarrak KE elkartearen instalazioen parean egingo den kontzertu jendetsu honek muga zeharkatzean bizia galdu duten pertsona migranteak omenduko ditu, Santiagotarrak klubak antolatutako ibaiaren jaitsierarekin bat eginez.
Kale-arteak, zinema eta familia planak
Arte eszenikoek ere toki nabarmena izango dute egitarauan. Trapu Zaharra taldeak (Santi Ugalderekin) eta Markeliñe konpainiak kaleko antzerki saioak eskainiko dituzte, eta Node konpainiak zein ‘Dantza Hirian’ jaialdiak dantza garaikidea eramango dute plazetara. Horrez gain, haur eta familientzako Girabira egitasmoa itzuliko da zinema eta antzerki saioekin hiri-parkeetan, eta ez dira faltako Santiago kaleko Polkak (Irungo Hiria Musika Bandaren eskutik), Bidasoa Folk jaialdia edota irailerako aurreikusita dagoen Ribera Azoka klasikoa.
Egitarau osoa dataz data
Ondorengo zerrendan ikus daitezke datozen hilabeteetarako programatutako ekintza nagusiak. Edozein aldaketa egonez gero, informazioa uneoro eguneratuta egongo da udalaren webgunean:
Uztaila
- Uztailak 10, ostirala:
- 17:30 | Soroxarta parkea: Girabira Antzerkia.
- 22:00 | Oiasso Museoaren plaza: Tripoters taldearen kontzertua.
- Uztailak 11, larunbata:
- 22:30 | San Juan plaza: “Mis ídolos” kontzertua, Irungo Hiria Musika Banda eta Paco Arrojo (La Voz saileko semifinalista) abeslariarekin.
- Uztailak 15-19, asteazkenetik igandera:
- Hirian zehar: XVI. Dies Oiassonis Erromatar Jaialdia.
- Uztailak 18, larunbata:
- 20:00 | Santiagotarrak KE aurrean: Urmuga kontzertua (Mugarri, Otxo, Jokin Lasa, Rogelio Botanz eta Percuteras de Garaldea).
- Uztailak 24, ostirala:
- 22:00 | San Juan plaza: Jazzaldia, International Classic Jazz All Stars taldearekin.
- Uztailak 25, larunbata:
- 12:00 | Santiago auzoa: Santiagoko Polkak, Irungo Hiria Musika Bandarekin.
- Uztailak 31, ostirala:
- 22:00 | Oiasso Museoaren plaza: Isora taldearen musika kontzertua.
Abuztua
- Abuztuak 1, larunbata:
- 10:00 – 21:00 | Zabaltza plaza: Bildumazaletasun Azoka.
- 19:00 | San Juan plaza: “La última y nos vamos” kaleko antzerkia, Trapu Zaharra taldearekin.
- Abuztuak 7-9, ostiraletik igandera:
- Urdanibia plaza: 46. Euskal Jira jaialdia.
- Abuztuak 14, ostirala:
- 22:00 | Zabaltza plaza: Remember musika kontzertua.
- Abuztuak 23, igandea:
- 20:00 | Junkaleko plazatxoa: Bidasoa Folk (Xabi Aburruzaga Band eta Caamaño&Ameixeiras).
- Abuztuak 28, ostirala:
- 19:00 | San Juan plaza: “Aztura” dantza ikuskizuna, Node konpainiarekin.
- 20:00 | Alai Txoko parkea: Girabira Zinema saioa.
Iraila
- Irailak 5, larunbata:
- 19:00 | San Juan plaza: “Chef Nature” kaleko antzerkia, Markeliñe konpainiarekin.
- Irailak 7, lunes:
- 20:00 | Junkaleko plazatxoa: Junkaleko Amaren omenezko kontzertua, Irungo Hiria Musika Bandarekin.
- Irailak 11, ostirala:
- 19:00 | San Juan plaza: Dantza Hirian jaialdia.
- Irailak 19, larunbata:
- Egun osoan zehar | Bidasoa ibaiaren ertzean: Ribera Azoka tradizionala.



