Kemen dantza taldearen 50. urteurrenaren ospakizunetan murgilduta dago. Horrela, maiatzaren 2tik 7ra Hondarribian egingo den VII. Hondarribia Dantza jaialdiaren barnean taldearen urteurrenarekin loturiko hainbat ekintza antolatu dituzte.
Maiatzaren 2tik 6ra 50 “Urte urte 50 une” erakusketa ikusgai egongo da Zuloaga Etxean.
Maiatzaren 4ean, ostegunean, Kultur Etxean “50 urteri begirada” hitzaldia egingo da. Hitzaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da eta dantza taldearen ibilbideari begirada bat emango diote generazio ezberdinetako taldekideen laguntzaz.
Maiatzaren 5ean, ostiralean, Santa Maria Madalena plazan arratsaldeko 19:00etan erromeria egingo da.
Larunbatean, maiatzaren 6an, Kemen eta Adaxkako gazteen artean prestatutako emanaldia egingo da Itsas Etxean arratsaldeko 19:00etan. Sarrera doan da, baina gonbidapena eskatu behar da Arma Plazan edo tickets.kutxabank.es web orrian.
Azkenik, igandean, maiatzaren 7an, Dantzari Txiki eguna ospatuko dute. Iruñeko Ortzadar, Tolosako Udaberri eta Hendaiako Akelarre dantza taldeetako dantzariek parte-hartuko dute Adaxkako dantzariekin batera. 11:00tatik aurrera herrian dantzan ibiliko dira, eta 12:30ean saio eskainiko dute Arma plazan.