Eusko Jaurlaritzak uko egin dio Oiartzunen auto-ilarak saihesteko kontrolak ezartzeari

Eusko Jaurlaritzak uko egin dio Itzulera Operazioko auto-ilarak saihesteko Oiartzunen kontrolak ezartzeari. Erabaki horren aurrean, Cristina Laborda Irungo alkateak argi eta garbi adierazi du ez duela ezezkorik onartuko eta eskakizun zehatz batekin joango dela ostegunean Jaurlaritzarekin egingo duen bilerara: irundarrentzat konponbide eraginkorrak mahai gainean jartzea. Labordak azpimarratu du Udalaren proposamena bideragarria ez bada, Eusko Jaurlaritzaren erantzukizuna dela alternatiba bat aurkeztea, “ezetz esatea eta kito” ez baita baliozko erantzuna herritarren arazoen aurrean.

Alkateak gogor kritikatu du auto-ilarak direla-eta herritarrak jasaten ari diren egoera babesgabea. “Ezin da ‘lehenengo mailako’ eta ‘bigarren mailako’ hiritarrik egon”, gogorarazi du Labordak, eta erabat onartezintzat jo du erretentzioen ondorioz jendeak ospitalera joateko, etxetik ateratzeko edo beren etxeetara itzultzeko zailtasunak izatea. Alkatearen hitzetan, ez da trafiko-gai isolatu bat, milaka pertsonen eguneroko bizitzari eta oinarrizko zerbitzuei zuzenean eragiten dion lehen mailako arazoa baizik.

Egoera honi aurre egiteko, Labordak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio trafikoaren eremuan dituen eskumenak balia ditzala eta lidergoa bere gain har dezala Itzulera Operazioaren kudeaketan. Irungo Udalak bere baliabide guztiak eskaintzen eta elkarlanean jarraitzeko prestutasun osoa duela adierazi badu ere, alkateak argitu du hiriak ezin diola kanpotik datorren arazo honi bere kabuz aurre egin. Horregatik guztiagatik, Jaurlaritzari azpimarratu dio Irunek ez duela aitzakiarik behar, herritarren premiei erantzungo dieten benetako konponbideak baizik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude