Be Veggie, Euskadiko jaialdi beganoak, zortzigarren edizioa ospatuko du datorren urriaren 31n eta azaroaren 1ean Irungo Ficoba erakustazokan. Aurtengo berrikuntza nagusia data aldaketa izango da; izan ere, abenduko zubiko ohiko hitzordua atzean utzita, udazken amaierara aurreratuko dute topaketa. Hala ere, espiritu berari eutsiko diote: Euskadin beganoentzat, kontsumo etikoaren aldekoentzat zein bizimodu kontzienteago baten bila dabiltzanentzat erreferentziazko espazioa izaten jarraitzea. Bi egunez, landare-jatorriko gastronomia, musika, esperientziak eta proposamen jasangarriak elkartuko dira giro hurbil eta ireki batean.
Programazioaren lehen zehaztapenen artean, nabarmentzekoa da Angélica Velasco Sesma filosofo eta irakaslearen parte-hartzea; Ternura a lo bestia liburuaren egileak etika ekofeminista eta zaintzan oinarritutako erresistentzia aldarrikatuko ditu. Horrez gain, Mirian Jiménez Lastra soziologo eta politologoak «Makroetxaldeak eta arrain-haztegiak: kapitalismoaren adierazpen gorena» hitzaldia eskainiko du. Bertan, abeltzaintza zein akuikultura industrialaren ereduak aztertuko ditu, ingurumenaren, gizartearen eta etikaren ikuspegitik.
Osasunari eta kirolari lotutako atalean, «Beganismoa, kirola eta osasuna» mahai-ingurua egingo da. Bertan parte hartuko dute Alberto Peláez ultra distantziako korrikalariak, Muthanna Abusaada kirol-nutrizionista eta iraupen-adituak, eta Laura Nutri elikadura begetarianoan espezializatutako dietistak. Era berean, Amets Oyonek gidatutako «Naturarekin berriz konektatzea» izeneko solasaldia ere egingo da, jaialdian egongo diren babesleku zein GKEen esperientziak ezagutzeko eta ingurunearekin harreman errespetuzkoagoa bultzatzeko.
Teoriatik praktikara
Azkenik, alderdi praktikoak garrantzi handia izango du Kooperak eskainiko duen «Ehungintza-hondakinen inguruan» tailerrari esker, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Sailak sustatutako gunean. Bertan, modaren eraginaz hausnartu eta arropari bigarren bizitza bat emateko baliabideak eskainiko dira. Horrekin batera, estanpazio botanikoari buruzko ikastaro bat ere emango da, naturako pigmentuak ehun organikoetara transferitzen ikasteko. Informazio gehiago www.beveggie.eus webgunean dago erabilgarri.



