Abenduaren 6tik 8ra Ficobak Be Veggie Euskadiko jaialdi beganoaren zazpigarren edizioa hartu du. Aurten ia 6.000 pertsona hurbildu dira jaialdira, giro bikaina eta publiko leiala nagusi izan dituen edizio honetan. Horietatik 1.500ek parte hartu dute hitzaldietan eta tailerretan, Be Veggie-ra etortzen diren pertsonen parte-hartze handia eta inplikazioa agerian utziz.
Be Veggie bisitatzen dutenen profilaren arabera, jaialdiak ikuspegi erabat beganotik harago egiten du. Bisitarien %20k beren burua begano gisa definitzen duten arren, gainerakoak bizimodu etikoago eta osasungarriagoak ezagutzeko eta animalienganako errespetuan oinarritutako kontsumo proposamenetara hurbiltzen dira.
Bisitaren arrazoi nagusien artean, ia %30 produktu berrien bila etortzen da, %21 nutrizioarekiko interesagatik, eta %15 animalien ongizateagatik.
Bisitarien leialtasuna
Bestalde, Be Veggie-ren nortasun ezaugarrietako bat leialtasuna da: bisitarien %70 aurreko edizioetan ere bertaratu da, eta %30 publiko berria da.
Be Veggie-ra etortzen diren pertsonen konpromisoa festibalera iristeko moduan ere nabaritzen da. Mugikortasun datuek adierazten dute bisitarien gehiengoak garraiobide jasangarriagoak aukeratzen dituela: %26 oinez edo bizikletaz iritsi zen, eta %46 auto partekatuan, aukera erabiliena. %12 bakarrik etorri zen autoz, eta %16 garraio publikoa aukeratu zuen. Datu hauek agerian uzten dute Be Veggie komunitatea kontsumo etikoaz ez ezik, ingurumenarekiko errespetuzko mugikortasun ohiturez ere arduratzen dela.
Pozik bisitariak zein erakusleak
Jaialdiaren balorazio orokorra oso positiboa izan da: bisitarien %80 pozik edo oso pozik geratu da. Hitzaldien programazioa ere oso ongi baloratua izan da, %90ek satisfakzioa adierazi baitu. Erakunde parte hartzaileek ere oso balorazio ona egin dute edizio honetaz: erakusketarien eta elkarteen %94 pozik edo oso pozik agertu da, eta %92 datorren urtean itzuliko direla edo seguruenik itzuliko direla dio.
Be Veggie berriro ere familia giroko eta espezie anitzeko gune izan da. Urtez urte gero eta pertsona gehiagok parte hartzen dute beren animaliekin batera. 2024an 120 izan baziren, aurten 183 izan dira lagun iletsuak, festibalak espezie guztientzako espazio ireki, errespetuzko eta atsegina izan nahi duela berretsiz.
Hiru egunetan zehar, Be Veggie jaialdia giro bikainak, proposamen berriak ezagutzeko gogoz eta beganismoarekiko konpromiso maila ezberdinak dituzten pertsonen arteko bizikidetzak markatu dute. Guztiek helburu bera partekatu dute: bizimodu arduratsuago, etikoago eta animalien esplotaziorik gaberako bidea egitea.



