Denboraldi berriarekin batera, Bidasoa Atletiko Taldeak kokapen estrategiko berria hautatu du hirian bigarren kirol zentroa irekitzeko. Klubak lantaldea handitu du eta zerbitzu berriak gehitu ditu, hala nola yoga klaseak. Zentro berri honen helburu nagusia entrenatzeko lekua eskatzen duten bezero guztiei erantzuna ematea eta espazio berria betetzea da. Proiektu berri honen eta etorkizuneko erronken inguruan hitz egin digu Eneko Albisu BAT Kirol Zentroko entrenatzaile pertsonalak.
BAT denboraldi hasiera garrantzitsu baten atarian dagoela esango zenuke?
Bai, orain irailean, zentro berri honekin berritasun ugari izango ditugu. Nahiz eta zerbitzu berdinak eskaini eta kokapen aldetik ere aurrekotik oso gertu egon, entrenatzaile gehiago eta ekintza gehiago izango ditugu.
Bigarren zentro bat irekitzeko aukera izatea seinale ona izango da klubarentzat, ezta?
Bai. Izan ere, azkenaldian beti ordutegiak beteak izaten ditugu, batez ere arratsaldeetan. Goizeko ordutegiak jende helduagoarekin betetzen ditugu, baina arratsaldeetan itxaron zerrendak geroz eta handiagoak ziren. Beraz, pausu hau ematea erabaki dugu zerrenda hori murrizten saiatzeko. Espazio berri honekin jende guzti horrentzat leku nahikoa izatea espero dugu. Hau da, entrenatzeko galdezka datorren jende guztiak horretarako tokia izan dezan.
“Orain, espazio berrian, entrenamendu pertsonal gehiago eskaintzeko aukera izango dugu”
Eneko Albisu, BATeko entrenatzaile pertsonala
Lantaldea handitzea beharrezkoa izan da zentro berriaren irekierari erantzuteko.
Arazoa beti izaten da entrenatzaile guztiek gure ordutegia bete-betea izaten dugula. Azkenean, bi entrenatzaile pertsonal berri kontratatu behar izan ditugu, Mikel eta Beñat. Klase gidatuetarako ere fitxaketa berri bat dugu, Maddi, yogako saio gidatuak emateko. Lehengo zentroan jada pilates, “vitalizate”, Kettlebell eta jende helduarentzako klase gidatuak izan ditugu, adibidez, entrenamendu pertsonalez gain. Orain, espazio berrian, entrenamendu pertsonal gehiago eskaintzeko aukera izango dugu. Dena den, argi dugu guri hoberen joan zaigun ekintza entrenamendu pertsonalen eskaintza izan dela, hori izan baita beti itxaron zerrenda luzeena izan duena. Eskoletan aurretik genuen eskaintza osatzeko Maddiren yoga eskolak gehitu ditugu.
Kokapenak estrategikoa izaten jarraitzen du, lehengo zentrotik eta atletismo pistetatik hurbil.
Noski, azkenean bulegoak ere Plaiaundiko pistara gerturatu ditugu. Aukera hau suertatu zen eta kokapena ikusita, aurreko zentrotik hurbil eta pistetatik gertu dagoenez, aukera oso ona iruditu zitzaigun. Horrela, dena gertu eta eskuragarri izateko.
Nolako bezeroak dituzue zentro hauetan?
Bezeroen profila oso zabala eta askotarikoa da. Nik eduki dudan bezero gazteena 6 urteko haur bat izan da eta helduenek 85 urte inguru izango dituzte. Orokorrean, bezeroek eskatzen dizkiguten gauzak arruntak dira, egunerokotasunean ondo sentitzeko gaitasuna izatea edo errendimendua hobetzea. Azkenean, gu bezerora moldatzen gara erabat eta ez bezeroa gure eskaintzara.
“Gu bezerora moldatzen gara erabat eta ez bezeroa gure eskaintzara”
Eneko Albisu, BATeko entrenatzaile pertsonala
Nolako harrera egin dio jendeak zentro berriaren irekierari?
Ba egia esan oso ona. Uda aurretik jada itxaron zerrenda luzea genuenez, pausu hau ematea erabaki genuen eta zentro berriaren irekiera iragarri genuen. Hori iragarri genuenetik, etengabe iritsi zaizkigu deiak eta baita emailak ere.
Denboraldi berri honen hasieran, nolako erronkak ikusten dituzue etorkizunerako?
Espazio berri hau betetzea, gure entrenatzaileek lan asko izan dezaten. Hala ere, ez dugu aterik itxi nahi. Hau da, etorkizunean zentro berriak irekitzen jarraitzeko aukerak baldin baditugu, erronka berri horiek onartzeko prest daude.
Elkarrizketa guztia Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



