Irungo Emakumeen Etxeak ikasturte berriari ekin dio udazkenerako prestatutako ikastaro, tailer eta hitzaldiez osatutako programa oparo batekin. Maite Cortina Berdintasun ordezkariak eta ACMI/IEEE elkarteko kideek aurkeztutako egitarau honen helburu nagusia emakumeen ahalduntze indibidual zein kolektiboa bultzatzea da, bai eta gizonengana ere iritsiko diren proposamen misto berriak zabaltzea harreman berdinzaleagoak eraikitzeko. Emakumeen Etxeak herritarrei irekitako topagune dinamiko eta gertuko izaten jarraitu nahi du, berdintasunaren aldetik gizartea hobetzeko tresnak eta ezagutzak eskainiz.
Ahalduntze Eskolaren baitan, ‘Dantzaterapia’, ‘Nigan pentsatzen’ eta ‘Zaintzeko neure burua zaintzen’ (Osakidetzaren zaintzaileen programa) ikastaroak eskainiko dira. Horrez gain, sei tailer trinko egingo dira irailetik abendura bitartean; besteak beste, autodefentsa feminista, elikadura-nahasmenduen inguruko ‘Gorputzaren gezur handia’, trapuzko panpinen sormena, kexak zein inbidia aztertzeko saioak, eta ‘Berdintasunaren argia’ escape room mistoa. Bestalde, Eskola Feministak zibersegurtasuna, hezkuntza finantzarioa eta ‘Zaindu zaitez’ autozaintza tailerrak bildu ditu bere eskaintzan.
‘Elkarrizketa feministak’ zikloak lau hitzaldi eskainiko ditu 18:30etan: Lyceum Clubaren mendeurrena (irailak 25), ’80º ipar’ (urriak 2), indarkeria eta autonomia (azaroak 27) eta etxeko langileen inguruko saioa (abenduak 11). Era berean, ohiko topaguneek jarraituko dute, hala nola ‘Kantu Feminista‘, ‘Partekatzea, eraldatzea, jarraitzea…’ eta kontziliazioa errazteko pentsatutako ‘Orduz kanpo irakurtzen’ literatura-klubak. Berritasun gisa, emakume zein gizonei zuzendutako bi programa abiatuko dira: agenda feministako gaiak aztertzeko ‘Poliedrikas’ eztabaida-gunea eta Amaia Kultur Zentroan egingo den ‘Maskulinitateen Zinema Zikloa’.
Emakumeen Etxea ardatz
Jarduera guztiak doakoak dira eta Emakumeen Etxean bertan egingo dira. Parte hartu nahi dutenek irailaren 3tik 16ra bitartean eman dezakete izena Emakumeen Etxean bertan edo Udalaren webgunean (gehienez hiru ikastaro pertsona bakoitzeko), eta Irunen erroldatutako emakumeek lehentasuna izango dute. Eskaera kopuruak plazak gaindituz gero, zozketa publikoa egingo da irailaren 17an, 10:00etan. Azkenik, familiei lana eta aisialdia bateratzen laguntzeko, doako haurtzaindegi zerbitzua eskainiko da 4 eta 12 urte arteko haurrentzat saio bakoitzean, gutxienez 48 ordu lehenago eskatuta.



