Duela 90 urteko irailaren 5eko okupazioa gogoratzeko, “Irun 1936-2026” programa abiatuko da aste honetan. Lehen ekimena ostegunean, irailak 3, egingo da CBAn, Intxorta 1937 elkarteak prestatutako ‘Orratzaren begia: 1936- gerrako haurrak’ erakusketaren irekierarekin (18:00etan). Erakusketa irailaren 19ra arte egongo da ikusgai goiz eta arratsaldez (igande eta astelehenetan izan ezik), eta irailaren 17an Iosu Chuecak hitzaldia eskainiko du gerrako haurren ebakuazioari nahiz erbestealdiari buruz.
Irailaren 5ean, hiriaren okupazioaren urteurren zehatzean, oroimen ekitaldi instituzionala eta herritarrei irekitako lore eskaintza egingo dira Almudena Grandes plazatxoan, 11:00etatik aurrera. Egun horretatik aurrera, gainera, 1936ko 40 irudi jarriko dira hiriko leku ezberdinetan garaiko eta gaur egungo egoerak alderatzeko. Bestalde, irailaren 6an antzezpen historikoa egingo da San Juan plazan (9:30etik 16:00etara), eta 24 antzezlerek garaiko ospitalea, polizia-postua zein ibilgailuak irudikatuko dituzte 11:15, 12:00, 13:00 eta 14:00etan egingo diren bisita gidatuetan.
Hitzaldi egitaraua
Egitaraua osatzeko, bederatzi hitzaldi eskainiko dira irailaren 24tik abenduaren 9ra bitartean Palmera Montero zentro zibikoan, “Irungo batailaren 90. urteurrena” zikloaren barruan. Horrez gain, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Pausumediak elkarrekin osatutako ‘Irungo bonbardaketen inguruko txostena‘ aurkeztu da gaur Udaletxean, 1936an airez zein itsasoz izandako erasoak zehazten dituena. Informazio eta egitarau osoa www.irun.org webgunean dago kontsultagarri.



