Santiagoko pilotalekua Irungo gazteen elkargune izango da ekainaren 25etik 27ra

2026ko San Pedro eta San Martzialetako jaien esparruan, Santiagoko pilotalekuak Gaztegunea hartuko du berriro ere ekainaren 25etik 27ra. Hiriko gazteei zuzendutako gune berezi honetan askotariko 13 jarduera egingo dira, hala nola txapelketak, jolasak eta zuzeneko kontzertuak. Sandra Caballero Hezkuntzako eta Gazteriako ordezkariak gaur aurkeztu du egitaraua, Gazteguneko beste eragile batzuekin batera.

Hezkuntza eta Gazteria arloetako ordezkariak prentsaurrekoan nabarmendu duenez, duela hainbat urte erabaki zen benetan ahotsa ematea hiri honetako gazteei jardueren programa sortzeko orduan, eta Santiagoko karpa erreferente bilakatu da jada haien gustu eta interesekin bat egiteko.

Jolasak, erronkak eta Japoniako sukaldaritza

Gazteguneko egitaraua ekainaren 25ean, ostegunarekin, hasiko da Gaming Gunearekin. Goizeko 11:00etatik 13:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 21:00etara hegaldi-simulagailuak egongo dira martxan, eta arratsaldeko 17:00etatik aurrera Mario Kart World txapelketa jokatuko da bederatzi urtetik gorakoentzat.

Hurrengo egunean, ekainaren 26an, nerabeek bi erronka handiri aurre egin beharko diete arratsaldeko bostetatik aurrera. Alde batetik, “Street Escape: El Secreto de la Llave de Hierro” jokoan arituko dira kaleetan zehar eta, bestetik, Gazteconquis trebezia-txapelketan parte hartu ahal izango dute indar, soka eta oreka probak gainditzeko.

Ekainaren 27ko egitaraua larunbat goizeko 11:00etara mugituko da urezko jolasekin, IrunBIXI haur eta nerabeen parte-hartze foroak bereziki diseinatutako ekimenari esker. Arratsaldeko proposamena argazki-rally batekin hasiko da 17:00etan, eta jarraian IrunTXEF saio ezaguna egingo da, aurten Japoniako sukaldaritza ardatz hartuta. Eguna borobiltzeko, arratsaldeko 20:00etan bingo musikal dinamiko bat jokatuko da karpan bertan, gaueko kontzertuei bide eman aurretik. Aipatzekoa da sukalde saioan eta argazki rallyan parte hartzeko izena eman beharko dela ekintza bakoitza hasi baino ordu erdi lehenago karpan bertan.

Gauak girotzeko musika kartela

Musika programazioari dagokionez, ostiral gauean DJ Aimarrek irekiko du eszenatokia arratsaldeko 20:00etan house eta tech house doinuekin, Gipuzkoako hainbat aretotan pilatutako esperientzia erakutsiz. Ondoren, 20:30ab, Pau Serko Bartzelonako artistaren txanda izango da. Serkok pop, rap eta genero urbanoak uztartzen ditu, eta bere abestiak milioika ikustaldi ditu Spotify plataforman, iaz kaleratutako disko berriaren arrakastaren ostean.

Larunbat gauean musika eskaintza gaueko 21:30ean hasiko da DJ Tatiren eskutik, zeinak musika elektronikoaren bidez girtuko duen Pragako klub ezagunetan jo ostean. Jarraian, gaueko 22:00etan, Hazas talde lasartearrak hartuko du lekua oholtza gainean musika urbanoa, popa eta rocka indar handiz nahasteko jaien energia mantenduz. Karpa eta jaien gunea guztiz ixteko, gaueko 23:00etan La Neni DJ Set-en saioa hasiko da, cumbia, reggaetona, mamboa eta elektronika uztartzen dituen performance dantzagarri eta emozional batekin.

Gune babestua eta sexu aholkularitza

Gaztegunea espazio seguru eta abegitsu gisa planteatzen du Udalak, non errespetuan oinarritutako harreman afektibo eta osasuntsuak bultzatzen diren. Hori dela eta, ekainaren 25ean eta 26an AsexoraT sexu eta afektibitate aholkularitza-zerbitzua bertan egongo da hainbat dinamika parte-hartzailerekin gazteei babesa emateko. Gainera, zerbitzu hau herritarrei ezagutzera emateko, ekainaren 20ko Herri Bazkarian Clown jarduera berezi bat burutuko da Ficoba inguruan jaien atariko gisa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude