
Urriaren 17 eta 18an, Irungo Ficoba erakustazokak ezkontzen sektoreko hitzordu esanguratsuenetako bat hartuko du berriz ere: “Los Muñecos de la Tarta” azokaren 10. edizioa. Gaur egun azoka Bidasoaldeko zein inguruko lurralde guztietako ezkongaientzat ezinbesteko erreferentzia puntu bihurtu da. Urteurren borobil eta berezi honen atarian, Fernando Vergara, Estudio Goverreko argazkilaria eta azokaren antolatzaile nagusietako bat eta Nagore Camisón, Married Novias enpresako erakusketaria elkartu dira azokaren historiaz, gaur egungo ezkontzen joerez eta edizio berri honen erronka zein berrikuntza nagusiei buruz hitz egiteko.
Azokaren jatorria gogoratzean, Fernando Vergarak argi uzten du hasierako asmoa gaur egun lortu dutena baino askoz ere apalagoa zela. Aurretik, Café Irunen bi urtez egun bakarreko azoka txiki bat antolatu zen, baina hori bertan behera geratu ostean, Irungo 4 merkatarik “Los Muñecos de la Tarta” izeneko azoka berri bat sortzea erabaki zuten: Estudio Gover, Married Novias, Jeca eta GB Eventos. Ekitaldi berria egiteko Ficoba aukeratu zuten, bertan horrelako aukerarik ba ote zegoen galdetu eta eskainitako baldintzak eta espazioak aproposak zirelakoan. Epe luzeko helburu zehatzik jarri gabe hasi ziren, azoka urtez urte antolatuz, eta pixkanaka bisitari eta erakusketari kopuruak gora egin zuten, gaur egun dauden lekura iristeraino.
“Bisitari guztiak ate beretik sartu eta irteten dira, azokan parte hartzen duten stand guztien aurretik igarotzen direla ziurtatuz”
Fernando Vergara, azokaren antolatzailea
Azokaren hazkundearen eta heldutasunaren erakusgarri nagusia iaz egindako aldaketa kualitatiboa izan da, azoka Ficobako pabiloi nagusira eramatea erabaki baitzuten. Hasierako edizioetan erakusketariak eraikin nagusiko atarian eta lehen solairuan kokatzen ziren, zurezko lurrarekin giro goxoa sortuz, baina bisitarien fluxua ez zen berdina postu guztietan. Pabiloi bakarrean biltzeak, ordea, dinamismo handia eta aukera berriak eman dizkio bisitari zein profesionalen esperientziari. Nagore Camisónek azpimarratzen duenez, “iazko aldaketa oso arrakastatsua izan zen, eta espazio zabalagoa izateak lana modu erakargarriagoan, ikusgarriagoan eta deigarriagoan erakusteko aukera zabala eman digu erakusketari guztiei”.
Antolakuntzari eta espazioaren diseinuari dagokienez, aurten ere eskuadra moduko ibilbide zirkularra mantenduko dutela azaldu du Fernando Vergarak: Antolaketa berri honi esker, “bisitari guztiak ate beretik sartu eta irteten dira, azokan parte hartzen duten stand guztien aurretik igarotzen direla ziurtatuz”. Horrek bermatzen du negozio guztiek aukera berberak izatea beren produktuak erakusteko, eta bisitarientzat ere askoz errazagoa eta atseginagoa da eskaintza guztia ordenan ikustea, bidean ezer galdu gabe.
Pantailen, sare sozialen eta erosketa digitalen garaian, azokak giza harremanen eta hurbiltasunaren aldeko apustu sendoa egiten jarraitzen du. Vergara antolatzaileak azpimarratzen duen moduan, “interneten denak dirudi eder eta akasgabea, baina errealitateak bestelako ezustekoak ekar ditzake”. Sarean edonork igo ditzake argazki izugarri politak edo bideo ikusgarriak, baina horrek ez du esan nahi ezkontza egun baten kudeaketa zaila edo sortzen diren arazoak bideratzen badakienik. “Azokan, ordea, profesionalarekin aurrez aurre hitz egiten da, begietara begiratuz, eta berehala nabaritzen da pertsona hori dinamikoa den, lanerako erraztasuna duen, komunikatzeko gaitasuna duen eta berarengan konfiantza osoa jar ote daitekeen ala ez”, azaldu du Vergarak.
Bisitarien profilari dagokionez, aniztasuna da azpimarratu daitekeen ezaugarri nagusia. Gehiengoa urtebeteko marjinarekin informazio bila gerturatzen diren bikoteak badira ere, adinari dagokionez espektroa oso zabala da: 22 urte inguruko gazteetatik hasi eta 40, 45 edo 50 urteko bikoteetaraino iristen da. Era berean, ezkontzak antolatzeko moduak ere asko aldatu eta dibertsifikatu dira azken hamarkadan. Gaur egun badira ekitaldia hiru hilabetetan edo gutxiagoan modu informalagoan prestatzen dutenak, baita bi urteko aurrerapenarekin xehetasun guztiak beren eskuz diseinatzen dituzten bikoteak ere, ezkontza guztiz pertsonalizatua eta berezia izatea nahi dutelako.
Hamargarren edizio honek berrikuntza nabarmenak dakarzkie bisitariei. Iaz 18 erakusketarik hartu bazuten parte, aurten kopurua 25eraino igo da, egitasmora enpresa berriak batu direlarik. Ezkontzetarako zerbitzu oinarrizkoenez gain —bidaia agentziak, argazkilariak, bideo ekoizleak, DJak, bitxigintza zein andregai eta senargaientzako jantzi eta oinetakoak—, aurten oparitarako xehetasun bereziak, ziurrenik foodtruck bat ere eta ezkontzarako gazta mahaiak kontratatzeko aukera egongo da. Camisónek gogorarazten duenez, “oinarrizko zerbitzuek hor jarraitzen dute, baina gaur egun bikoteek ukitu berezi eta desberdina eman nahi diote beren egunari”, eta horregatik da hain aberasgarria proposamen berriak ekartzen dituzten enpresak azokara batzea.
Bi protagonistek esperientzia zabala dute sektorean eta azokan bertan. Nagore Camisón erakusketari gisa aritzen da bere Married Novias enpresarekin, nahiz eta aurreko edizioetan antolakuntza lanetan ere lagundu duen. Vergarak, berriz, antolatzaile rola eta Estudio Goverreko argazkilari lana uztartzen ditu. Ikuspuntu bikoitz horrek gainerako stand-etako zalantzak eta beharrak hobeto ulertzen laguntzen dio. Hala ere, aitortzen du urtero urduritasuna eta tentsioa sentitzen direla azoka amaitu arte, martxoan prestatzen hasten direlako eta “nekez jakin daitekeelako errentagarria izango ote den, azoka amaitu eta bikote nahiko hurbildu ote den ikusi arte”. Sustapen kanpaina indartsuak egiten dituzte hilabete batzuk lehenago, azokaren data eta lekua zabaltzeko. Izan ere, ezkontza bat antolatzeko behar den guztia leku bakar batean biltzeak zentzu gutxi du, gero bisitariak hurbiltzen ez badira.
“Oinarrizko zerbitzuek hor jarraitzen dute, baina gaur egun bikoteek ukitu berezi eta desberdina eman nahi diote beren egunari”
Nagore Camisón, Married Novias

Ficobako kokapena elementu estrategikoa da azokaren arrakastan. Muga ondoan egoteak Gipuzkoako publikoa ez ezik, Nafarroa, Bizkaia, Araba eta Iparraldeko bikoteak erakartzeko gaitasuna ematen dio. Urtez urte egindako ikerketek erakusten dute bisitarien jatorria askotarikoa dela. Fernando Vergarak gogoratu du: “azken edizioan, esaterako, adimen artifizialeko gomendio bati jarraituz Valladolid ingurutik etorritako bikote bat ere jaso genuen, azokak duen erakargarritasunaren erakusgarri”.
Aurtengo ediziorako ikusmin handia dago. Dagoeneko webgunean izen-ematea irekita dago azokan sartzeko ilararik egin behar ez izateko, eta data iristeko hilabete bat falta denean 30 bikotetik gora daude erregistratuta jada. Kopuru horrek erritmo berean gora egiten jarraitzen badu, edizio honek arrakasta handia izango duela ziurtatu daiteke. Aurtengo “Los Muñecos de la Tarta” azoka urriaren 17an eta 18an, larunbatean eta igandean egingo da, Ficobako erakustazokan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Ohiko moduan, sarrera eta aparkalekua doan izango dira, baina antolatzaileek webguneko formularioa aurrez betetzea gomendatzen dute, azokarako sarreran ilara egitea saihesteko. Erakusketarien artean ere nagusi dira gogoa eta ilusioa; “urte osoan zehar elkar ikusi gabe egon ostean, iritsi da berriro espazio berbera partekatzeko, esperientziak trukatzeko eta ezkontzen sektoreko azken joerak elkarrekin elkarbanatzeko une zirraragarria”, adierazi du Married Noviaseko Nagorek. Dena prest dago, beraz, ezkontza egun handi horren lehen urratsa Ficoban bildutako erakusketarien eskutik egiteko.



