Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko Arloak ihes-joko (‘escape room’) sozioedukatibo bat antolatu du San Juan plazan, zorizko jokoek eta kirol-apustuek berekin dituzten arriskuei aurrea hartzeko eta herritarrak kontzientziatzeko. Urriaren 15etik 18ra bitartean egongo da martxan ekimena plazan kokatuko den kamioi berezi baten barruan, eta 14 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago. Ekimen hau Adikzioen Prebentziorako V. Tokiko Planaren (2026-2030) barruan txertatzen da, komunitatean jokabide adiktiboen agerpena saihesteko, atzeratzeko eta haien hedapena murrizteko xedez.
A90 Grados enpresak kudeatuko du dinamika, eta probak talde txikitan gauzatuko dira. Ikaskuntza aktiboa, hausnarketa eta lankidetza sustatzea da helburua, jolasaren nahiz elkarrizketaren bidez parte-hartzaileek apustuekin duten harremana era kritikoan azter dezaten. Ludopatia jokoarekiko jokabidezko mendekotasun patologiko eta konpultsiboa denez, kalte larriak eragin ditzake pertsonaren bizitza pertsonal, sozial, finantzario eta emozionalean; horregatik, diseinatutako dinamikak herritarrak motibatzeko eta arrisku-faktoreez jabetzeko pentsatuta daude.
Ordutegia eta erreserbak
Ihes-jokoak ordutegi zabala eskainiko du lau egunetan zehar: ostegunean (hilak 15) 16:15etik 21:30era; ostiralean (hilak 16) 16:15etik 22:15era; larunbatean (hilak 17) 11:30etik 14:30era eta 17:00etatik 22:15era; eta igandean (hilak 18) 11:00etatik 14:00etara eta 16:15etik 20:45era. Saioak txandaka antolatu dira, eta lekua aldez aurretik erreserbatu ahal izango da udaleko webgunean edo kamioian bertan jarritako QR kode baten bidez. Hala ere, txandaren batean lekurik libre egonez gero, erreserbarik egin gabe bertaratzen direnek ere jokatu ahal izango dute.



