Turislan enplegu azoka Ficobara itzuliko da azaroaren 19an turismoaren talentua eta enpresak lotzeko

Turislan, Euskadiko Turismo Sektoreko Enplegu Azoka, Ficobara itzuliko da datorren azaroaren 19an, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak bultzatuta eta erakustazokak berak antolatuta. 2017 eta 2019 artean izandako hiru edizioen ostean, ekimenak etapa berri bat abiatuko du Gipuzkoan, etorkizuneko edizioetan Bizkaira eta Arabara ere zabaltzeko asmoarekin. Azokak turismo-ekosistema osoko enpresak, profesionalak, ikasleak, prestakuntza-zentroak eta erakundeak bilduko ditu, zuzeneko harremana bultzatuz ostalaritzan, ostatuetan, garraioan, kulturan nahiz gainerako zerbitzuetan enplegu duinak, kalitatezkoak eta egonkorrak sustatzeko.

Javier Hurtado sailburuak aurkezpenean azpimarratu duenez, turismoak Euskadiko enpleguaren % 10 baino gehiago sortzen du (40.000 familia baino gehiagori lana emanez Gipuzkoan), eta azokak sektorearen profesionalizazioan zein urtarokotasuna gainditzen lagundu nahi du.

Izen ematea martxan

Parte hartu nahi duten enpresek urriaren 30era arte eman dezakete izena beren eskaintzak plataforman argitaratzeko; lan bila dabiltzan pertsonek, berriz, urriaren 5etik azaroaren 6ra bitartean aurkeztu ahalko dituzte beren hautagaitzak online. Horrez gain, azaroaren 19an bertan ez da aldez aurretiko inskripziorik beharko Ficobara hurbildu, standak bisitatu eta curriculuma enpresei eskura emateko. Informazio guztia azokaren webgunean dago ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude