Irunek urrats sendoak ematen jarraitzen du bere hiri-ereduaren, ekonomiaren eta turismoaren garapenean. Ostegun honetan, Jordi Hereu Espainiako Industria eta Turismo ministroak eta Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak Irun bisitatu dute, Europako Sustapen eta Suspertze Planaren (Next Generation EU) bidez herrian finantzatutako hainbat jarduketa bertatik bertara ezagutzeko. Bisitan Cristina Laborda Irungo alkatea izan dute bidelagun, baita Azahara Domínguez Mugikortasuna, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru-diputatua, Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaria eta Libe Otegi Gipuzkoako Turismo zuzendaria ere.
Topaketan zehar, Irungo Udalak azken urteetan udalerrian garatzen ari den proiektu estrategikoen berri eman dio ministroari. Jarduketa hauen helburu nagusia hiriaren eraldaketa ekonomikoa bultzatzea da, jasangarritasuna, digitalizazioa eta ondare historiko zein naturalaren balioztapena ardatz hartuta.
Bisitatutako eta aztertutako ekimenen artean, nabarmentzekoa da Turismoko Helmugen Jasangarritasun Planaren (PSTD) barruan kokatutako proiektuen bilakaera. Euskadik turismoaren arlorako 105 milioi euro baino gehiago jaso ditu Europako funtsetatik. Zenbateko horretatik, 80 milioi jarri dira 2021-2023 aldiko Helmugako Turismo Jasangarritasuneko Planetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrien eta eskualdeen artean banatutako jarduketen bidez. Euskadik Helmugako Turismo Jasangarritasuneko 34 Plan ditu guztira, hiru lurralde historikoetan banatuta. Gaurko bisitan Irungo ondare erromatarra sustatzeko ekimenak ere erakutsi zaizkio ministroari, turismo desestazionalizatua, kalitatezkoa eta ingurumenarekin errespetuzkoa bultzatzeko helburuarekin.
Bisita Udaletxean hasi da eta bertan ministroak datozen urteetarako lan ildo nagusien berri izan du. Ondoren, Oiasso Museoan, terma erromatarrak ezagutu ditu, hiriko ondareari balioa emateko proiektuetako bat. Bisitaren bidez, Udalak Irunen identitatea, kokalekua eta indarguneak aprobetxatzeko ahalmena erakutsi dizkio, jarduera ekonomikoa sortzeko, ezagutza eta talentua erakartzeko, enplegua sortzeko eta hiria hobetzeko.
Erakundeen arteko lankidetza
Cristina Laborda alkateak azpimarratu duenez, Europako funtsak aukera paregabea izaten ari dira Irun bezalako mugakide den hiri baterako, ekonomia dibertsifikatzeko eta etorkizuneko erronkei bermez aurre egiteko. Bestalde, Jordi Hereuk, Azahara Domínguezek eta Javier Hurtadok erakundeen arteko lankidetza (Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren, Foru Aldundiaren eta Espainiako Gobernuaren artekoa) goratu dute, funts europarrak proiektu zehatzetan eta herritarren mesedeko eraldaketa errealetan gauzatzeko funtsezko tresna gisa.



