Irungo Udaleko Garapen Jasangarriko arloak “Gure gazteek badakite / Los jóvenes lo tienen claro. Jasangarri izatea jarrera kontua dela” sentsibilizazio-kanpaina berria aurkeztu du gaur goizean. Ekimen honen helburu nagusia herritarrei eguneroko kontsumo-erabakietan jasangarritasun-irizpideak txertatzearen garrantzia helaraztea da, arreta berezia gazteengan jarriz. Kanpaina hau aurreko ikasturtean 2030 Eskola Agenda programaren barruan hiriko zazpi ikastetxetako ia 3.000 ikaslek egindako lanetik eta hausnarketatik jaio da, eta bereziki Txingudi HLHI eta Toki Alai HLHI ikastetxeetako ikasleen proposamen zuzenari erantzuten dio.
Ikasleek klasean egindako ikerketen ondorioz, hainbat gako nagusi jarri dituzte mahai gainean: plastikoen erabilera murriztea, sasoiko eta gertuko (0 km) produktuak aukeratzea, bigarren eskuko erabilera faboratzea eta tokiko merkataritzari ikusgarritasun gehiago ematea. Hausnarketa horiek gizarte osora zabaltzeko, kanpainak hiri barruko hiru erreferente gazte eta saltoki hartu ditu irudi nagusi gisa: Yon Gallardo izozkitegia, Zebra Store & Gallery eta Labore Txingudi. Horrez gain, ikasle zein irakasleekin prestatutako ikus-entzunezko pieza bat zabalduko da, proiektuaren nondik norakoak eta udalerrian kontsumo jasangarria sustatzeko ekimen zehatzak ezagutarazteko.
Sergio Javier Garapen Jasangarriko ordezkariak, aurkezpenean parte hartu duten Eskola Agendako ikasle eta koordinatzaileekin batera, azpimarratu du gazteen begiradak erakutsi duela jasangarritasuna eguneroko erabaki txikien bidez eraikitzen dela. “Argi dago irundar gazteek argi daukatela; orain haiei jaramon egin eta ekiteko garaia da”, adierazi du. Horrez gain, kanpainak jarraitzeko bokazioa du: azarotik aurrera, atxiki nahi duten Irungo denda guztiek “Hemen ere badakigu. Jasangarriak gara” marka erabili ahal izango dute beren erakusleihoetan, kontsumo jasangarriago baten aldeko konpromisoa erakusteko.



