Irun eta Endarlatsa arteko joan-etorrietan trafiko eragozpen nabarmenak izango dira datorren astetik aurrera, N-121-A errepideko 71,235 eta 74,030 kilometro-puntuen artean bidezorua birgaitzeko lanak direla eta. Obrak faseka egingo dira, eta lehenengo faseak errepidearen mozketa osoa eragingo du Lamiarriko tunelaren inguruan, egungo errepidea ibilbide zaharrarekin elkartzen den punturaino (GI-3455 errepidearekiko elkargunea).
Lehen fase honetako lanak urriaren 19an (astelehena) goizeko 08:00etan hasi eta urriaren 23an (ostirala) 18:00ak bitartean luzatuko dira. Jarduketa horiek aurrera eramateko, N-121-A errepidea erabat moztuko da Endarlatsa eta Irun artean, zehazki 69,735 eta 73,537 kilometro-puntuen arteko tartean. Ondorioz, ibilgailuen zirkulazioa lehengo trazaduratik desbideratuko da, egungo GI-3455 errepidetik, lanak amaitu bitartean.
Eragozpenak eta pilaketak saihesteko asmoz, Iruñea eta Irun arteko bidea egin behar duten ibilgailu astunei A-15 autobidea erabiltzeko gomendio argia luzatu zaie. Bestalde, obren bigarren fasea aurrerago gauzatuko da; tarte hori lehen fasearen amaieratik Behobiako Puntta biribilguneraino luzatuko da (73,537 eta 74,030 kilometro-puntuen artean), eta aurrerago emango da horren data zehatzen zein trafiko-eraginen berri.



