2027an udal zergak eta tasak izoztea eta OHZren hobariak zabaltzea proposatu du Irungo Udalak

Irungo Udalak 2027an indarrean dauden udal zerga, tasa eta prezio publikoak ez igotzea eta bere horretan izoztea proposatu du. Horrekin batera, Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren (OHZ) gaineko hobariak handitzea eta herritar talde gehiagotara zabaltzea aurreikusi du Ogasun Ordezkaritzak. Nuria Alzaga lehen alkateorde eta Ogasuneko ordezkariak azaldu duenez, baliabide publikoen kudeaketa zorrotzari eta Udalaren diru-sarreren bilakaera onari esker hartu ahal izan da erabakia. Aurreikusitakoa baino bilketa handiagoa izaten ari denez eta 2027an diru-sarrera berriak espero direnez —besteak beste, egonaldi turistikoen zerga berriari esker—, arduratsuena herritarrei ahalegin ekonomiko gehigarririk ez eskatzea dela nabarmendu du gobernu-taldeak.

Zerga-izozketez haratago, OHZren udal ordenantza fiskala 1/2026 Foru Araudi berrira egokitzea proposatu da, gaitasun ekonomikoaren araberako irizpideak sakontzeko. Orain arte hobariak familia ugarientzat soilik bideratzen baziren ere, araudi berriarekin guraso bakarreko familiak, etxeko indarkeriaren edo genero-indarkeriaren biktima izan diren familiaburuak eta zaurgarritasun egoeran dauden herritarrak ere baliatu ahal izango dira. Laguntzen ehunekoak familien egoerara eta errentara egokituko dira Eusko Jaurlaritzaren familia-errenta estandarizatzeko sistema erreferentziatzat hartuta; horrela, gizarte-zerbitzuen egiaztagiria duten pertsona zaurgarriek ohiko etxebizitzaren kuota osoaren % 90eko hobaria eskuratu ahal izango dute.

Hobari hauek jaso ahal izateko, ohiko etxebizitzak gehienez 300.000 euroko katastro-balioa izan beharko du, garajeak, trastelekuak eta bestelako eranskinak kalkulu horretatik kanpo utzita. Dagoeneko hobaria indarrean duten familiek emandako epea amaitu arte mantenduko dituzte egungo baldintzak, eta araudi berria eskaera berriei zein epe-luzapenei aplikatuko zaie. Aldaketa hau 2027ra begira udal ordenantza fiskalak eguneratzeko hasitako prozesuaren barruan txertatu da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude