Manuel Elgezabal irundarra kulturismo naturaleko Munduko Txapelketarako sailkatu da

Manuel Elgezabal Irunen bizi den kulturismo naturaleko kirolariak jauzi kualitatiboa eman du bere kirol ibilbidean, datozen asteetan Salamancan jokatuko den Munduko Txapelketarako sailkapena poltsikoratuta. Bidasoarrak urriaren 10eko asteburuan egin zuen debuta profesional gisa Espainiako Txapelketan, bodybuilding -75 kg kategorian; bertan laugarren postu bikaina eskuratu zuen eta, emaitza horri esker, nazioarteko lehiaketa gorenean aritzeko txartela ziurtatu du.

Lorpen honek Elgezabalek azken asteetan erakutsitako goranzko ibilbide azkarra berretsi du. Izan ere, irailaren 19ko asteburuan egin zuen debuta AECN ligan, bodybuilding -65 kg mailan, eta asteburu borobila osatu zuen: bi urrezko domina eskuratu zituen eta kategoriako txapeldun absolutu izendatu zuten. Garaipen horrekin batera, kirolari profesional bihurtzen duen “pro card” izendapena lortu zuen, eliteko mailara igaroz.

Mailaz igo eta pisu-kategoria berrian estreinatu arren (-75 kg), Elgezabalek maila bikaina eman du Estatuko onenen aurka, eta orain buru-belarri ari da prestatzen Salamancako Munduko Txapelketako erronka. Txapelketa urriaren 30etik azaroaren 1era bitartean jokatuko da, eta mundu osoko kulturista natural nabarmenenak bilduko ditu oholtza gainean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude