Irungo Udaleko Obra, Mantentze-lan eta Azpiegitura arloak neguko landare eta loreen landaketa-kanpaina abiatu du asteazken honetan. Guztira, Ibarlako udal haztegian udan zaindutako 34.000 lore inguru eta kanpotik ekarritako beste 12.630 erraboil (batez ere tulipak) banatuko dira udalerriko berdegune, lorategi eta biribilguneetan zehar. Gorka Álvarez arloko ordezkariak nabarmendu duenez, ekainean hasitako plangintza luze baten emaitza da kanpaina hau, eta herritarrei dei egin die espazio publikoak eta landareak denen artean zaintzeko, Irun hiri atsegin eta berdea izaten jarrai dadin.
Aurtengo kanpainan gehien erabilitako espeziea pentsamendua da, kolore askotako 11.241 alerekin (landare guztien herena). Horiekin batera, oroiloreak (% 23), papaverrak (% 11,5), udaberri-loreak (% 10,7) eta ziklamenak (% 6) landatuko dira, horia (% 25), zuria (% 25) eta urdina (% 20) tonu nagusiak izanik. Kokagune nagusiei dagokienez, Luis Mariano kalean 4.175 lore jarriko dira kolore anitzeko konbinazioetan; San Juan plazan 2.960 ale zuri eta gorri landatzen ari dira (udaberrian tulipa gorriekin batera loratuko direnak); eta Lope de Irigoien kalean beste 1.060 landare ezarriko dituzte. Landaketa-lanek hilabete inguru iraungo dute, eta Stadium Gal zein Puiana pareko sarbide-biribilguneetara ere helduko dira.
Lore jasangarriak
Lorezaintza-lan guztiak Gureak Berdea gizarte-ekimeneko enplegu-zentro bereziko langileek egiten dituzte, hiriko parke eta lorategien mantentze orokorraz arduratzen den taldeak, hain zuzen.
Haztegian bertan ikastetxeekin sentsibilizazio-bisitak antolatzeaz gain, udalak jasangarritasunaren aldeko apustua berretsi du: orain aldatzen ari diren lore zaharrak mazizoetatik atera eta herritarren artean banatuko dira maiatzean, beren etxeetan berrerabili ahal ditzaten.



