Irungo Udaleko Gazteria Arloak, GazteARTEan ekimenaren bidez, haur eta gazteen aisialdiko begirale ikastaro berria jarriko du abian aurten ere. Proiektua gazteen partaidetza-aurrekontuetan boto gehien jaso zituen proposamenetako bat izan da, eta bihar, urriak 28, zabalduko da aurreinskripzioa egiteko epea. Prestakuntza doakoa eta euskarazkoa izango da osorik, eta Hezkide Eskolak eskainiko du 2026ko azaroaren 28tik 2027ko maiatzaren 15era bitartean.
Ikastaroak 150 ordu teoriko eta 160 ordu praktiko izango ditu guztira. Zati teorikoko eskolak batez ere larunbat goizetan emango dira Martindozenea Gaztelekuan, eta hainbat asteburutan ikastaroaren garapenerako ostatu batean egingo dira egonaldiak. Prestakuntzako modulu guztiak eta ondorengo praktikaldia gainditzen dituzten ikasleek Eusko Jaurlaritzak homologatutako haur eta gazteen aisialdiko begirale-titulu ofiziala lortuko dute (diploma jasotzeko gutxienez 18 urte izan beharko dira). Taldea osatzeko gutxienez 10 plaza eta gehienez 24 eskainiko dira.
Izen ematea
Parte hartzeko, ezinbestekoa izango da 1996 eta 2009 urteen artean jaioa izatea (biak barne) eta Irunen erroldatuta egotea 2026ko irailaren 1a baino lehen. Gainera, teoria hasteko 17 urte izan edo aurten bete beharko dira, eta praktikaldirako 18 urte. Aurreinskripzioa urriaren 28tik azaroaren 3ra bitartean egin ahal izango da udalaren webgunean edo Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ) aurrez aurre; eskaera-kopuruak plazak gaindituz gero, zozketa egingo da parte-hartzaileak hautatzeko.



