Bertan behera geratu da Real Uniónek gaur Portugaleten jokatu behar zuen Kopako partida

Gaur arratsaldean, urriak 28, Portugaleteko La Florida zelaian 19:00etan jokatzekoa zen Portugaleteren eta Real Uniónen arteko Errege Kopako lehen kanporaketako partida bertan behera geratu da. Espainiako Futbol Federazioak (RFEF) txapelketako gaurko jardunaldia osorik bertan behera uztea ebatzi du, Toledoko probintzian gertatutako tren-istripu larriaren biktimekiko eta senideekiko elkartasun zein errespetu seinale gisa.

Erabaki ofiziala jakin bezain laster, Real Uniónek oharra zabaldu du sare sozialetan partida bertan behera geratu dela baieztatuz eta gertatutakoagatik atsekabea agertuz: “Real Unión Klubetik gure doluminik sakonena helarazten diegu biktimen senideei. Goian bego”. Erabakiak txapelketako lehen kanporaketako gaurko neurketa guztiei eragin die.

Federazioak aurrerago emango du ezagutzera Errege Kopako norgehiagokak berreskuratzeko egutegi berria eta atzeratutako partiden behin betiko datak zein ordutegiak. Ondorioz, talde txuribeltzak itxaron egin beharko du La Floridako kanporaketa jokatu ahal izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude