Irungo eta Hondarribiko udalek, Bidasoa bizirik garapen-agentziaren bitartez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren dirulaguntzak eta laguntza-zerbitzuak jarri dituzte eskura, eskualdean enpresa-proiektu bat abian jarri nahi duten langabeei bultzada emateko. Bidasoko Enplegu eta Tokiko Garapen Planaren baitan kokatutako ekimen honek edozein jarduera-sektoretan proiektua zehaztuta duten sustatzaileak ditu helburu. Dirulaguntzen oinarrizko zenbatekoa 2.000 eurokoa da, eta kopuru hori % 15 handituko da eskatzailea emakumezkoa bada, eta beste % 15 18 eta 30 urte bitarteko gazteen kasuan.
Dirulaguntza ekonomikoaz gain, onuradunek lau hilabeteko prestakuntza- eta aholkularitza-ibilbide osoa jasoko dute negozioaren bideragarritasuna bermatzeko. Prozesuan zehar finantza-plangintza, merkatu-baliozkotzea, marketina, komunikazio digitala eta jarduera legeztatzeko zerga-, lan- zein administrazio-izapideak jorratuko dituzte. Prestakuntzak Bidasoa bizirik-eko teknikariekin bakarkako tutoretzak eta taldekako tailer praktikoak uztartuko ditu. Nuria Alzaga Bidasoa bizirik-eko presidenteak eta Estitxu Urtizberea presidenteordeak nabarmendu dutenez, finantzaketaz harago “funtsezkoa da erabakiak hartzeko orientazioa eta laguntza gertukoa eskaintzea, pertsona bakoitzaren zalantzak argitu eta oinarri sendoko negozio-plana garatzeko”.
Aurkezpen saio derrigorrezkoa
Deialdian parte hartu ahal izateko, interesdunek nahitaez parte hartu beharko dute datorren azaroaren 6an egingo den aurkezpen-saioan. Hitzordua Bidasoa bizirik-en bulegoetan izango da, Irungo Ducoureau jauregian (Hendaia kalea, 8). Bertaratzeko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea 943 509 584 telefonora deituta edo ekintzailetza@bidasoa-activa.com helbidera idatzita; bertan azalduko dituzte parte hartzeko baldintzak, tramiteak eta aurkeztu beharreko agiri guztiak.



