Irungo Emakumeen Etxea Elkarteak eta Txingudiko Elkarte Feministak Las que corren dokumentalaren emanaldia antolatu dute datorren astelehenean, azaroaren 9an, 18:00etan, Irungo Palmera Montero gunean. Ekitaldia Azaroaren 25aren, Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren, harira antolatutako egitarauaren barruan kokatzen da. Euskal Fondoak eta Ikaika Media SLk ekoitzitako ikus-entzunezkoak Guatemalako emakume indigenen borrokak eta bizipenak biltzen ditu, kirola erresistentzia feministarako eta eskubideak aldarrikatzeko tresna nola bihurtu den erakutsiz, indarkeriarik gabeko komunitate berdintsuagoak eraikitzeko prozesuan.
Euskal Fondoak hiru hamarkada baino gehiago daramatza Guatemalan nazioarteko lankidetzan, eta testuinguru horretan sortu zen 2011n Alta Verapazeko Ak’Wank emakumeen lasterketaren eta Behobia-Donostia probaren arteko senidetze-ekimena, bertako udal-kudeaketan berdintasun-ikuspegia txertatzen laguntzeko. Proiekzioaren ostean, bertaratutakoek solasaldia partekatu ahal izango dute filmeko hiru protagonistekin: Dilia Co Coy (Alta Verapaz departamentuko gobernadorea), María Xol (Emakume Indigenaren Defendatzailea – DEMI) eta Inocenta Macz (Demokraziarako Ekimen Zibilaren Fundazioko koordinatzailea). Saio honek emakume horien aldarrikapenak bertatik bertara ezagutzeko eta lankidetza publikoak gizarte-eraldaketan duen balioa azpimarratzeko parada eskainiko du.



