Irunek 106 milioi euroko aurrekontu proposamena aurkeztu du 2027rako

Irungo Udal Gobernuak hiriaren historiako aurrekontu-proiekturik handiena aurkeztu du gaur, azaroak 2, alderdi politiko guztien aurrean Informazio Batzordean. Guztira, 106 milioi euroko aurrekontua proposatu da 2027ko ekitaldirako; horrek esan nahi du iaz baino 489.000 euro gehiago (+% 0,46) izango dituela udalak zerbitzu publikoak indartzeko. Orain, gainerako udal-taldeek 20 eguneko epea izango dute euren zuzenketak aurkezteko, eta behin betiko eztabaida abenduaren 18ko ohiko Osoko Bilkuran gauzatuko da.

Nuria Alzaga lehen alkateorde eta Ogasuneko ordezkariak eta Gorka Alvarez bigarren alkateordeak zehaztu dutenez, aurrekontu hauek “osasun finantzario bikaina” erakusten dute, udalaren zor bizia oso baxua baita (% 3,34 soilik). Diru-sarreren hazkundea hiru zutabe nagusitan oinarritzen da: batetik, Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren ekarpena 4,2 milioi euro handituko da (ia % 7 gehiago), eta horrek diru-sarrera guztien % 61,6 hartuko du; bestetik, zuzeneko zergen bilketa 1,4 milioi euro haztea aurreikusten da; eta azkenik, 2027ko urtarrilaren 1ean indarrean sartuko den Egonaldi Turistikoen gaineko Zergak 600.000 euroko ekarpena egingo dio udal-kutxari.

Bide publikoa eta mantentze-lanak

Atalik mardulena, urtero legez, bide publikoen mantentze-lanei,kal garbiketa, parke zein lorategiei eta argiteriari dagokiena izango da: 33,87 milioi euro. Zati honetan nabarmentzekoa da udal-bulegoak garbitzeko kontratu berria, 4,87 milioi euroko kostua izango duena (urtean milioi bat euro gehiago).

Hiriko ekipamenduak eta irisgarritasuna hobetzeko inbertsio zehatzak ere garrantzitsuak izango dira. Hala nola, Errotazarreko igogailua egiteko 600.000 euro gorde dira; Udal Kontserbatorioaren fatxada berritzeko, 520.000 euro; ikastetxeetako hobekuntza-obretarako, 340.000 euro; asfaltatze-kanpainarako, 325.000 euro; oinezkoentzako ardatzak hobetzeko, 300.000 euro; eta Hiriko Museoa irekitzeko beste 300.000 euro bideratuko dira, 2027ko azken hiruhilekoan gertatuko dena. Ahalegin honek, udalak zehaztu duenez, jarraipena emango dio 2026an Irugurutzetako labeen interpretazio-zentroa edo San Migel auzoko Emigrazio Eraikina berritzeak ekarri duten ildoari.

Segurtasuna eta bizikidetza indartzea

Aurrekontuek hazkunde proportzional handiena izango duten arloa Segurtasuna eta Bizikidetza da. Orotara, 11,4 milioi euroko aurrekontua izango du, iaz baino 1,2 milioi gehiago. Igoera horrek Udaltzaingoaren plantillan 8 agente berri sartzea eta espazio publikoen zaintza-zerbitzuen kontratua berritzea ahalbidetuko du. Neurri hauek guztiak 2027-2030 Segurtasun eta Bizikidetza Plan Estrategikoan kokatzen dira, zeinak 2027ra bitartean guztira 15 agente berri gehitzea aurreikusten duen.

Gizarte Ongizatea eta etxebizitza-politika

Pertsonak erdigunean jartzeko helburuarekin, Gizarte Ongizateko arloak ia 12 milioi euro izango ditu (iaztik % 1,77ko igoera). Funts horiekin, osasun mentaleko programa finkatuko da, memoriaren ‘txoko’ bat sortuko da eta adinekoei etxeko arreta emateko zerbitzua indartuko da. Horrez gain, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL/AES) handituko dira egoera zaurgarrienean dauden familiei erantzuteko.

Etxebizitza publikoaren alorrean mugarri bat ezarriko da ere. Kale Nagusiko 7 eta 9 zenbakietako partidarako funtsak esleitu dira, etorkizunean babes ofizialeko 14 etxebizitza eta bi merkataritza-lokal eraikitzeko. Ekimen hau Irungo Etxebizitza Plan anbiziotsuaren parte da; plan horrek datozen hiru urteetan hirian 1.000 etxebizitza babestu hastea du xede.

Kirol-azpiegiturak eta ekonomiaren bultzada

Kirolean ere esfortzu ekonomiko handia egingo da. 2 milioi euroko partida bat aurreikusi da Stadium Galeko belarra ordezkatzeko eta kiroldegiak hobetzeko. Zehazki, Artaleku kiroldegiko kristalezko fatxada berriak 320.000 euroko kostua izango du, instalazioak mantentzeak 200.000 euro, eta aldagelak hobetzeak 50.000 euro. Proiektu estrategikoen artean daude, era berean, Ficobako IAM pabiloiaren proiektua eta obra-zuzendaritza (aurten 300.000 euro gehituko zaizkio, metatutako 1,9 milioi eurora iritsiz), eta Txenpereneako kirol-instalazioen proiektua (100.000 euro aurten, metatutako 450.000 eurorekin). Azpiegitura hauen bultzada zuzenean lotuta dago Aurrekontu Parte-hartzaileetan herritarrek adierazitako lehentasunekin.

Azkenik, hiriko jarduera ekonomikoa dinamizatzeko asmoz, eta hornidura-merkatu ) berria eraikitzear dagoela aprobetxatuz, Udalak ‘K-Biziak’ laguntzak sustatuko ditu, kale jakinetan tokiko merkataritza suspertu eta lokal hutsak birgaitzeko asmoz, alokairurako dirulaguntzak esleituz.

Nuria Alzagak bere hitzartzean nabarmendu du aurrekontua “ekintza-plan bat” dela eta hiri “kohesionatuago bat” eraikitzea duela helburu, pertsona guztiak kontuan hartuz. Gorka Alvarezek, bere aldetik, koalizio-gobernuak eskainitako egonkortasun politikoa goraipatu du: “Aurrekontu anbiziotsuak dira, egunerokotasunari erantzuten diotenak baina etortzeke dagoen Iruni begiratzen diotenak”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude