Elitxu-Lapitzek adinekoen dinamizazio-gunea estreinatu du auzo-elkartearen egoitzan

Iturria: Elitxuko Auzo Elkartearen webgunea.

Irungo Udalak, Gizarte Ongizateko arloaren bitartez, adinekoentzako dinamizazio-zerbitzu berri bat abiarazi du astelehen honetatik aurrera Elitxu-Lapitze auzoan. Jarduerak auzo-elkartearen egoitzan bertan eskainiko dira, Euskal Herria etorbideko 23-25 zenbakian, astelehen goizetan 09:30etik 12:30era bitartean eta ostegun arratsaldetan 16:30etik 20:00etara.

Espazio berri honekin, Irunek hamar gune osatu ditu guztira hiriko auzoetan barrena —Anaka-Puiana, Behobia, Belaskoenea, Iraso, Lekaenea, Luis Mariano, Palmera Montero, San Migel, Katea eta Elitxu-Lapitze—, kolektibo horren aktibotasuna, sozializazioa eta bizi-kalitatea sustatzen jarraitzeko asmoz.

Zerbitzuaren hedapena urriaren 30ean udal-zerbitzurako sinatutako kudeaketa-kontratu berriari esker gauzatu da, lanak Emocional Technologies 22 SL enpresaren esku utzita. Kontratu berriak aldaketa esanguratsuak ekarri ditu zerbitzuaren funtzionamenduan: ohiko tailerrez eta taldeko jarduera bereziez gain, goizetan banakako esku-hartzeak eta komunitate-ekintzak indartuko dira. Horrela, aurretiko hitzordu bidezko entzute aktiborako zein orientaziorako guneak eskainiko dira, eta auzoko elkarteekin zein inguruko erakundeekin sareko lana bultzatuko da adinekoen eta auzoaren arteko harremana sendotzeko.

Adinekoentzako Guneen ordutegien berrantolaketa

Eredu berriak eta zentro berriaren etorrerak hiriko Adinekoentzako Gune guztien ordutegiak berrantolatzea eragin dute. Alde batetik, Anaka-Puianako, Behobiako, Palmera Monteroko eta San Migeleko lokalak astelehenetik ostiralera arratsaldez (16:30etik 19:30era) eta astelehen zein ostegun goizetan (10:30etik 12:30era) egongo dira erabilgarri. Bestetik, Lekaeneako, Luis Marianoko eta Elitxu-Lapitzeko egoitzak astelehen goizetan (09:30etik 12:30era) eta astearte zein ostegun arratsaldetan (16:30etik 20:00etara) irekiko dira. Azkenik, Belaskoeneako, Irasoko eta Kateako guneek astelehen, asteazken eta ostiral arratsaldetan (16:30etik 19:30era) eta ostegun goizetan (10:30etik 11:30era) hartuko dituzte erabiltzaileak. Zentro guztiek itxita jarraituko dute jaiegunetan, ekainaren 29an, irailaren 8an eta abenduaren 24 zein 31n.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude