Irungo Udalak Txenpereneako etorkizuneko kirol-instalazioen eta horien sarbideen proiektuak idazteko kontratazioa onartu du gaurko Tokiko Gobernu Batzordean, 332.750 euroko gehienezko aurrekontuarekin. Lizitazio honen bidez bi egitasmo nagusi garatuko dira lau hilabeteko epean: alde batetik, Oinaurre eta Txenperenea eremuak Jostun kaletik lotuko dituen bide berriaren idazketa; eta, bestetik, kirol-gunearen oinarrizko proiektua zein egikaritze- eta jarduera-proiektua, dagokion urbanizazio osagarriarekin batera. Azpiegitura berriak nagusiki atletismoaren eta errugbiaren beharrei erantzungo die, ohiko entrenamenduetarako nahiz lehiaketa ofizialetarako prestatutako espazioak eskainiz.
Etorkizuneko kirol-gunearen ardatz nagusia 400 metroko arauzko atletismo-pista bat izango da, zortzi kalerekin bai eraztunean bai zuzengunean, diziplina atletiko ezberdinak —tartean abiadura- eta hesi-probak— hartzeko moduan egokitua. Pistaren barruan, berriz, homologatutako soropil naturaleko errugbi-zelai bat kokatuko da, atletismoko jaurtiketa-proba jakin batzuekin bateragarria izango dena. Horrez gain, konplexuak 500 metroko belar artifizialezko perimetro-eraztun bat izango du beroketa- eta entrenamendu-eremuak bereizteko, bai eta estalitako azalera bat ere, baldintza meteorologiko txarretatik babestuta kirola egin ahal izateko.
Instalazioak 700 eta 800 ikusle ingururentzako edukiera izango duen harmaila estalia izango du. Zerbitzuen atalean, eraikinak beharrezko espazio guztiak bilduko ditu lehiaketak behar bezala garatzeko: kirolari zein epaileentzako aldagelak eta komunak, gimnasioak, fisioterapia-gela, botikina, erabilera anitzeko aretoak, kirol-materiala biltegiratzeko eremuak, bulegoak, epaile eta kronometrajeko guneak, prentsa-aretoa, sarbideen kontrola eta taberna-zerbitzua. Horrekin batera, eremua kalitatezko sistema teknikoez hornituko da, hala nola argiztapena, markagailuak, bideopantailak, megafonia eta ureztatze-sistemak.
Jostun kalearekiko lotura
Kirol-esparrua eraikitzeaz gain, egitasmoak ingurunea antolatzea eta sarbideak berritzea ere aurreikusten du. Jostun kalean zehar eraikiko den bide berriak Oinaurrerekiko lotura zuzena eta irisgarria bermatuko du, azpiegitura berria hiribilduan erabat integratuz. Azkenik, osagarrizko urbanizazioak ibilgailuentzako aparkalekuak, bizikletak uzteko eremuak eta autobusen joan-etorrietarako espazio egokituak jasoko ditu, konplexuak sortuko dituen mugikortasun-premiei erantzuteko.



