NO QUIERO rock talde bilbotarra Irunera iritsiko da datorren larunbatean, azaroak 21, Estatu osoko hainbat jaialditan bira oparoa egin ondoren. Kontzertua gaueko 21:00etan hasiko da CBAko Irun Zuzenean aretoan, eta bertan seikoteak bere azken diskoa aurkeztuko du jendaurrean, Tóxico izenekoa. Zuzeneko honetara iritsi aurretik, taldeak aurten oihartzun handiko musika-hitzorduetan parte hartu du; besteak beste, HIRIAN (BBK Live), BIME Live, Caudal Fest, Dale Candela eta Costa Feira jaialdietan aritu da.
Larunbateko gaualdiak, gainera, pizgarri bikoitza izango du, LØSE proiektua ere igoko baita oholtzara. Diego Vasallo musikari eta Duncan Dhu taldeko sortzaileak gidatutako rock alternatiboko egitasmoa da LØSE, eta NO QUIEROrekin batera osatuko du gaueko musika-eskaintza Irungo aretoan. Sarrerak eskuragarri daude jada ohiko salmenta-bideetan.



