Irungo Udalak ostiral honetan, azaroak 27, eramango du Udalbatzaren osoko bilkurara Isuri Gutxiko Eremua (IGE) arautuko duen ordenantzaren behin betiko onarpena. Urrats hori eman aurretik, Udalak jendaurreko erakustaldian (ekainaren 24tik abuztuaren 6ra) jasotako herritarren alegazioak aztertu ditu, eta hainbat hobekuntza txertatu ditu hasierako testuan. Guztira 275 alegazio-idazki aurkeztu ziren —horietatik 253 idazki-eredu berari zegozkion—: 8 proiektuari soilik buruzkoak ziren, 5 ordenantzari soilik buruzkoak, eta gainerako 262ak bi dokumentuei zegozkien (horregatik zenbatu dira 270 alegazio proiektuan eta 267 ordenantzan). Jasotako idazki guztietatik, 262 osorik edo zati batean onartu ditu Udalak, eta 13 baztertu egin ditu.
Sergio Javier Hiri Garapeneko eta Mugikortasun Jasangarriko ordezkariak nabarmendu duenez, herritarren proposamenak aldaketa zehatzetan islatu dira: «Mugikortasun jasangarriago baterantz aurrera egin nahi dugu, baina gure hirian ematen diren egoera pertsonal eta familiarrak kontuan hartuta». Borja Olazabal Garapen Jasangarriko ordezkariak, bere aldetik, IGE kaleetako kutsadura eta zarata murriztuz Irungo bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko aukera dela azpimarratu du.
Txertatutako berritasunak
Ordenantzan txertatutako berritasun nagusien artean dago zaurgarritasun ekonomikoari lotutako salbuespena: Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera (BGD) jasotzen duten herritarrek IGEra sartu ahal izango dute beren izenean dauden ibilgailuekin, nahiz eta auto horiek beharrezko ingurumen-etiketa edo sarbide-baldintza orokorrak ez bete. Era berean, salbuespen berri bat gehitu da adingabeak eramateko, jasotzeko edo laguntzeko, segurtasun-arrazoi bereziak edo familia-kontziliazioa daudenean; aukera hori egoera puntual eta justifikatuetan aplikatuko da, betiere ohiko joan-etorriak ez badira eta garraio publikoa edo beste bide bat erabiltzea arrazoizkoa ez bada. Horrez gain, larrialdiengatiko sarbideak (mediku-larrialdiak edo premiazko konponketak, esaterako) justifikatzeko epea 48 ordutik 72 ordura luzatu da, eta ostatu turistikoetako sarbideak zabaldu dira: hotelez gain, Eusko Jaurlaritzan ofizialki erregistratuta dauden eta finka barruan aparkaleku propioa duten gainerako ostatu turistikoetara ere sartu ahal izango dira bezeroak autoz.
Ordenantzaren hobekuntza
Hobekuntza horiekin batera, hainbat zuzenketa eta argibide egin dira ordenantzaren ataletan, interpretazio-akatsak saihesteko, eta azterketa osagarriak egitea aurreikusi da TAOren araudia, egoiliarren aparkalekua, lurpeko aparkalekuen zein disuasio-aparkalekuen erabilera eta zamalanetarako guneak hobetzeko, tokiko merkataritzaren beharrak kontuan hartuta. Baztertutako 13 alegazioei dagokienez, IGE ezartzearen aurkako jarrerak, haren beharrari buruzko zalantzak, merkataritzan izan dezakeen eraginagatik kezka, trafikoa beste auzo batzuetara lekualdatzeko arriskua edota salbuespenak beste kasu batzuetara zabaltzeko eskaerak planteatzen zituzten.
Prozesu osoan zehar, Udalak partaidetza- eta informazio-guneak mantendu ditu: Jasangarritasun Energetikoaren Partaidetza Batzordea maiatzaren 5ean eta azaroaren 17an bildu zen, eta Txanaleta plazan informazio-puntu bat egon zen zabalik uztailaren 6tik irailaren 30era. Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legeak 50.000 biztanletik gorako udalerriei ezartzen dien betebeharrari erantzunez, Udalak azaroaren 18ko Alkatetzaren ebazpenaren bidez onartu zuen behin betiko IGEren Proiektua, eta ostiral honetan egingo du gauza bera ordenantzarekin. Hala ere, murrizketak ez dira berehala aplikatuko: Isuri Gutxiko Eremua 2028ko bigarren seihilekoan sartuko da indarrean, behin betiko onarpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 18 hilabetera. Ordura arte, Udalak informazioa ematen jarraituko du herritarrak araudi berrira egokitu daitezen.



