Irungo Udalak jakinarazi duenez, GI-636 errepidea itxita dago trafikoarentzat Behobia eta Azken Portuko biribilgune berriaren artean, atzo, asteazkena, azaroak 25, arratsaldean Juan Thalamas Labandibar kaleko galtzadara ezki-zuhaitz bat erori ostean. Ezbehar honek ez du kalte pertsonalik eragin, baina segurtasun-arrazoiengatik bidea itxita mantendu dute gau osoan eta gaur, osteguna, goizera arte, egun-argiarekin inguruko gainerako ezkien egoera aztertu ahal izateko.
Ibilbide alternatiboak
Errepide-mozketa dela eta, Udalak hainbat ibilbide alternatibo ezarri ditu zirkulazioa bideratzeko. Frantziarako noranzkoan doazen ibilgailuak: Darío de Regoyos kaletik desbideratuko dituzte. Frantziarako noranzkoan doazen kamioiak berriz, Hendaiarantz bideratuko dituzte, horretarako berariaz jarritako seinaleztapenaren bidez. Irunerako noranzkoan doazen ibilgailuak aldiz, Antxotxipiko biribilgunetik Blaia hilerrirantz desbideratuko dituzte, handik hirigunerantz jarraitu ahal izateko. Auzoko bizilagunak aldiz, GI-636 errepidera sartu ahal izango dira Irunerako noranzkoan José María Franco kaleko bidegurutzetik, eta Ernautenea bidea ere gaituko da hilerrirako sarbidea errazteko.
Irungo Udalak arreta handiz ibiltzeko, seinaleztapena errespetatzeko eta Udaltzaingoaren jarraibideei kasu egiteko eskatu die herritarrei, eta ohiko udal kanalen bitartez egoeraren bilakaeraren berri ematen jarraituko duela adierazi du.



