Gabonetako 400 apaingarri baino gehiagok argiztatuko dute Irun bihar iluntzetik aurrera

Irunek prest ditu dagoeneko Gabonetako apaingarriak hiriko auzo, kale, plaza, parke eta biribilguneetan. Iazko argiztapen-puntu berberak mantenduta, guztira 400 argi eta apaingarri baino gehiago jarri ditu Udalak —Maykolux SL enpresari esleitutako kontratuak 201.256,88 euroko aurrekontua du—, hala nola arku argiztatuak, farolak, zuhaitzak, bolak, oreinak, pinuak, izarrak eta hiru dimentsiotako irudiak, batez ere kolore gorria, zuria eta mugimendu-efektuak konbinatuz.

Nuria Alzaga alkateorde eta Ekonomia Sustapeneko eta Hiri Bultzadako ordezkariak nabarmendu duenez, argiztapenak hiriaren itxura eraldatu eta tokiko merkataritzari zein ostalaritzari bultzada emateko aukera paregabea eskaintzen du. Gorka Álvarez Obra, Mantentze eta Azpiegitura ordezkariak, bere aldetik, iaz auzoetara zabaldutako bideari jarraipena eman diotela azpimarratu du, Gabonak hiri osoan bizi daitezen eta ez erdigunean soilik.

Dekorazio orokorrarekin batera, gune jakin batzuetan apaingarri espezifikoak instalatu dituzte giro berezia sortzeko. Jenaro Etxeandia plazan, bigarren urtez jarraian, 21 metroko garaierako eta 9 metroko diametroko Gabonetako zuhaitz erraldoia egongo da, orein-lera batekin batera; Zabaltza plazan, berriz, 35.100 argi jarri dituzte 1.800 metro karratuko azaleran, 5.800 distira-gailurekin. Era berean, Sarjia parkean 23 zuhaitz apaindu dituzte, 700 metroko sare argiduna eta 10.500 argi-puntu jarri, eta hartzak, elur-oreinak, tximeletak, izarrak, opariak zein peluxezko hartz bat kokatu dituzte, San Martzial kaleko sarbidean alfonbra gorria eta Gabonetako etxola bat gehituz. Pio XII.a plazan 20 zuhaitz apaindu dituzte LED mikrobonbilla gorriekin, 60 meteoritorekin eta zalgurdi batekin, eta Anzaran plazan beste 20 zuhaitz LED mikrobonbilla zuriekin, txikoria-belar formako argiekin eta aingeru itxurako photocall batekin.

Hiriaren erdiguneko beste hainbat txokotan ere elementu bereziak kokatu ditu Udalak. Colon ibilbidean 40 alanbre argitsu instalatu dira meteorito eta izarrekin; San Juan plazako pergolak bi mailatako LED gortinak eta lau bola erraldoi ditu; eta Udaletxeko fatxadan Zorionak eta Urte berri on errotulu argidunak eta izotz-efektuko gortinak jarri dituzte. Horrez gain, 12,5 metroko pinu gorri eta zuri bat dago Luis Mariano kalean, izotz-efektuko zuhaitza Primitivo Azpiazu plazan, Gabonetako bola bat Javier Esteban Indart kalean, eta apaindutako kioskoak Eihera eta Alberto Anguera plazetan. Halaber, hiriko 13 biribilgune arbolez, hesi argidunez, LED sareez eta irudiez apaindu dituzte, eta argiztapena indartu dute hirirako sarbide nagusietan (Behobia, Iparralde etorbidea, Elizatxo etorbidea, Letxunborro, Hondarribia kalea, Jenaro Etxeandia plaza eta Katea).

Argiak pizteko ekitaldi ofiziala

Eguberrietako argiak pizteko ekitaldi ofiziala bihar larunbatean, azaroak 28, egingo dute, 19:00etan, eta urtarrilaren 6ko gauera arte egongo dira piztuta. Egunero 17:30ean piztuko dira, eta itzaltzeko ordutegia eremuaren arabera aldatuko da: Udaletxea eta San Juan plaza une oro egongo dira argiztatuta; Karrika Nagusian, Foruen Karrikan, San Martzial karrikan, erdialdean, biribilguneetan eta merkataritza-guneetan 02:00ak arte egongo dira piztuta —abenduaren 24an, abenduaren 31n eta urtarrilaren 5ean hurrengo eguneko 08:00ak arte luzatuko da ordutegia—; auzoetan 23:00etan itzaliko dira; eta argiteria-sare publikora konektatutako guneetan, sare hori itzaltzen den unean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude