Ababor azoka nautikoaren hirugarren edizioan Ficoban itsasoratuko da martxoaren 28an. Sektoreko 40 enpresa erakusketari baino gehiagok hartuko dute parte bertan. Azokaren erakusketa azalera handitu behar izan da, bigarren eskuko ontzi-eskaintza zabaltzeko. Azoka 11:00etatik 20:00etara, ostiral eta larunbatean eta igandean, 11:00etatik 19:00etara bisitatu ahalko da. Sarrera berriz, doakoa da, azokaren webgunean aurreitk izena emanda. Ababorreko jarduera programa zabala denez, azokaren webgunean kontsulta daitezke.
Lehenengo bi edizioetan arrakasta lortu ondoren, Ababor garrantzi handiko ekitaldi bat bihurtu da eskualdean, eta 80 enpresa erakusketari eta ia 10.000 bisitari erakarri ditu. Datu horien arabera, Ababor erreferente bihurtu da nautika eta sektore osoa maite dutenentzat, eta, horregatik, azokaren hirugarren ediziorako aurreikuspenak onak dira
Aurrekoetan bezala, azokak Eusko Jaurlaritzaren babesa du, EKP (Euskal Kirol Portuak) erakundearen eta Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolamendu Sailaren bitartez. Bestalde, sektore nautikoa Enpresa Nautikoen Elkarte Nazionalak (ANEN) ordezkatzen du.
Erakusketa-eskaintza
Ababor publiko handiko azoka da, eta aisiarako nautikarekin eta jarduera nautikoekin lotutako sektore guztiak erakarri nahi ditu, aisia-ontziak (berriak eta/edo aukerakoak), turismoa eta ur-esperientziekin lotutako zerbitzuak gero eta jende gehiagoren esku jartzeko.
40 enpresa erakusketari eta 30 itsasontzi baino gehiagorekin, azokak plataforma paregabea eskainiko du sektoreko azken berrikuntzak ezagutzeko, hala nola motorrak, atoiak, elektronika eta osagarriak, zerbitzuak, turismoa eta itsas eskolak, aseguruak, eta baita arrantzarako osagarriak eta ur-motorrak ere. Bfesteak beste, Jeanneau, Beneteau, Highfield, Lagoon, Yamaha eta Volvo marka ezagunak izango dira Ababorren.
Guztietarako jarduera-programa
Ababor 2025 erakusleiho komertzial bat baino askoz gehiago da. Elkartzeko eta ikasteko gunea ere bai baita. Hiru egunetan, bisitariek eta profesionalek aukera izango dute Euskal Kirol Portuak (EKP) erakundeak babestutako hitzaldi-programa zabal batean, mahai-inguruetan eta jarduera praktikoetan parte hartzeko.
Ababorren jarduera paraleloen programa ere berezia izaten da, gai askotarikoak izaten baitira. Baldintza egokietan, askotan muga-mugan, nabigatzen duten pertsonen esperientziak dira programaren proposamenetako batzuk.
Guillermo Cañardok eta Pedro Eurrutiak White Shadow ontzian munduari bira nola eman zioten kontatuko dute. 1978ko Swan 57 ontzi bat da, eta Ocean Globe Race lasterketan parte hartu zuen espainiar ontzi bakarra izan zen.
Mikel Sarasolak kayakean izandako abentura azalduko du Ababorren: glaziarren gainean ur bizietako lehen kayak-esperientzia bihurtu da.
Itsasoa muga-mugan nabiga daiteke, bai eta beste hainbat modutan ere. Izar de la Hoz, ontzigintzako patroi eta mekanikaria; Jaime Framis, Youth America’s Cup-en finalaurrekora iritsia uda honetan Bartzelonan, eta gaur egun Moth-en lehiatzen, banakako foileatzaile-klasea eta mundu mailan maila altuena duen klaseetako bat; Innoboat proiektuak eta Laura Quinto kazetariak, bere ibilbidea komunikazio nautikoan egin duenak, “Itsaso bat, nabigatzeko modu asko” mahai-inguruan itsasoa gozatzeko modu ezberdinak erakutsiko dizkigute: ozeanoetako estropada handiak eta nabigazio teknikoa, bela tradizionala, plazerezko nabigazioa edo motordun itsasontzien erabilera.
Itsasoko erronkak ez dira soilik nabigatzaileentzat; izan ere, gaixotasun batek muturreraino eraman dituen eta bere indarra ezagutzen duten pertsonek ere egiten diete aurre horrelako erronkei, esaterako, Reto Pelayo Vida erronkaren hamargarren edizioan Antartika konkistatzeko erronkari.
Beste hainbat gai ere jorratuko dira, hala nola itsas baliabideen jabariari buruzko gatazkek eta nabigazio-bideek nola markatu duten gizateriaren historiaren bilakaera, nabigazioa ulertzeko eta horri aurre egiteko moduei buruzko mahai-ingurua edo nabigatzaileentzako tresna meteorologiko praktikoak.
Sektoreko elkarteak eta proiektuak
Ababorren edukia aberastu egiten da elkarte berrien parte-hartzearekin, azokarekin bat egin eta eduki interesgarriak ekartzen baitituzte.
Elkarte horietako bat Anavre da, eta aisialdiko ontzietako segurtasun nautikoaren alorrean duen esperientzia ekarriko du Ababorrera. Hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola araudia, itsasora ateratzeko aholkuak, arduragabekeria ohikoenak, etab.
Arkeolurrek, bere aldetik, ibilbide bat proposatzen du nabigazioaren oroimenean zehar, Euskadiko portuetako hondoratzeei buruzko lanarekin: euskal gizartean inpaktua izan zuten hondoratzeen memoria historikoa.
Teknologia itsasargi asko baztertzen ari da, baina elkarte batzuek, Euskadiko Itsasargien Lagunak, adibidez, haien memoriagatik borrokatzen dira, haien garrantzia eta historia ezagutaraziz eta zabalduz. Horretaz guztiaz hitz egingo dute Ababorren “Gaueko ziklopeak” izeneko hitzaldian.
Ekimen berritzaileen testuinguruan, InnoBoat Bizkaia-ren parte-hartzea nabarmendu behar da. Bilboko Ingeniaritza Eskolako diziplina anitzeko talde batek osatutako proiektu bat da, eta ingeniaritzaren hainbat alorretako esperientzia eta ezagutza uztartzen ditu. Talde horrek proiektu berritzaileak garatzen ditu ingeniaritza nautikoaren eta itsas jasangarritasunaren alorrean.
Jolasa eta dibertsioa
Jarduera paraleloak Ababorren beste erakargarrietako bat dira. Proposamen bereziki parte-hartzekoak eta erakargarriak izaten dira, hala nola Gaming Gunea. Hor, teknologia, dibertsioa eta lehia konbinatzen dituen esperientzia interaktiboa eskainiko da, ikuspegi akuatikotik betiere. Espazio horrek hiru proposamen nagusi izango ditu: Virtual Regatta (estropaden simulazioa), Mario Kart Nintendo Switch-en eta Súper Mario Party, hori ere Nintendo Switch-en.
Arrantza aukeratzen dutenentzat, lehiaketa birtual bat proposatzen die Ababorrek. Jarduera hori lehiaketako arrantzan aritzen diren profesionalentzat zein edozein zaleturentzat pentsatuta dago.
Eta ezin falta arrauna. Santiagotarrak Klubaren eskutik, indoor arrauneko ergometro-txapelketa egingo da.
Helikoptero bat gertutik ikusteak eta bertara igotzeko aukera izateak ere beti eragiten du zirrara. Eguraldiak eta salbamendu-jarduerek aukera ematen badute, Ficobako kanpoko erakusketa-eremuan lur hartuko du “Helimer 223” salbamendu-helikopteroak. Itsas Salbamenduak bere aire-flotan dituen 11 helikopteroetako bat da.
Publiko gazteenarentzat eta familientzat, Ababor 2025 azokak jarduera bereziak eskainiko ditu, hala nola Marino Ababor Murala, itsas ingurunearekiko errespetua sustatzeko sormen gunea, eta Euskal Itsas Museoaren Hondotik Ondarera erakusketa. Proiektu horren asmoa da Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzako Euskal Herriko Itsasontzi Tradizionalen Bilduma zaharberritu, mantendu, kontserbatu, handitu eta balioan jartzea, eta Euskal Itsas Museoaren eta Albaolaren arteko lankidetzari esker garatu da.
Eta Ababor Hondarribi Dragon Boat ere bertan izango da. Bidasoko uretan nabigatzen duen arraun-talde inklusibo bat da, kirolaren bidez berdintasuna eta integrazioa sustatzen dituena. HS2 Surf Center-ek kudeatzen du proiektua, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babesten du. Jarduera egingarria eta askotariko beharretara moldagarria eskaintzeko diseinatuta dago, bai gizonentzat, bai emakumeentzat.
Dragon Boat oso diziplina gomendagarria da bularreko minbizia gainditu duten pertsonentzat, bai errehabilitazioaren parte gisa bai prebentzio-metodo eta indartze fisikorako metodo gisa. Praktika horrek erresistentzia, koordinazioa eta talde-lana sustatzen ditu, horrela parte-hartzaileen ongizate integralari laguntzeko.
Zozketak barra-barra
Ababorrera etortzeak saria du. Azoka bisitatzen duten guztientzako hainbat eta hainbat zozketa egingo dira, hala nola astebeteko optimist ikastaro bat ume batentzat (8-14 urte) (Hondarribiko Klub Nautikoa), Raqueron paseo bat 4 lagunentzat (Hondarribiko Klub Nautikoa), nabigazio lizentzia bat, 6 metro arteko luzera duten itsasontziak eta ur-motoak pilotatzeko titulu nautikoa, azterketarik eta iraungipenik gabeko titulu bat (Navegabela Nautika Eskola), nabigazio-lizentziarako ikastaro bat (Probanza Nautika Eskola), nabigazio-lizentzia bat (Estatxa Nutika Eskola), 2 lagunentzako irteera bat katamaranen (Les Voiles d’Hendaia-Hendaia Bela), 3 lagunentzako irteera bat Kayaken (Les Voiles d’Hendaia-Hendaia Bela) eta 5 sarrera bikoitz Albaola Itsas Kultur Faktoriarako.
Zozketak martxoaren 31n, astelehenarekin, eguerdiko 12etan egingo dira azokako bisitarien artean.
Elkarrekin Ababor
Azokaren atariko gisa, martxoaren 22an Elkarrekin Ababor jardunaldi nautikoa egingo da Txingudiko Badian. Besteak beste, gurutzaontzien zeharkaldia, arrantza-lehiaketa eta Optimartxoa estropada egingo dira, Euskal Kirol Portuarekin, Hondarribiko Klub Nautikoarekin eta Euskal Bela Federazioarekin elkarlanean antolatuta.



