Elkarrekin Ababor jaialdiak itsasoaz gozatzeko aukera emango du asteburu honetan

Asteburu honek itsas zaporea izango du Hondarribian, 2024ko Elkarrekin Ababor egingo baita. Aurten ere elkarlanean aritu dira Ficoba, Euskal Kirol Portuak (EKP), Hondarribiko Klub Nautikoa, Euskadiko Bela Federazioa, Gipuzkoako Bela Federazioa eta Hondarribiko Udala eta, horri esker, itsas kirolzaleek gozatzeko aukera izango dute: optimist klaseko estropada bat, ontzi ainguratuko arrantza-lehiaketa bat eta gurutzeontzien itsasaldi bat Txingudiko badian.

Elkarrekin Ababorreko ekitaldiak Ficobak sustatutako Ababor itsas azokaren aurretik egiten ziren, tradizionalki. Azokaren garapen-planaren arabera, baina, maiztasuna aldatzea erabaki da, sektoreko eragileekin kontsultatu ondoren, eta aurrerantzean bi urtetik behin egingo da. Horrela, datorren edizioa 2025ean izango da, zehazki martxoaren 28tik 30era.

Asteburu nautikoa Txingudiko badian

Tradizioari eutsiz, martxoaren 16an eta 17an itsas jardueren zaleek betiko hitzordua izango dute, hiru proposamenekin. 150 itsasontzi baino gehiago parte hartuko dutela zenbatetsi da.

Optimartxoa Elkarrekin Ababor Estropada larunbatean, martxoaren 16an, eta igandean, martxoaren 17an, egingo da 13:00etan eta 11:00etan hasita hurrenez hurren.  Hondarribiko Klub Nautikoko bela-eskolatik abiatuko dira. Estropadan Optimist klasea, 16 urtetik beherakoek, 13 urtetik beherakoek eta 11 urtetik beherakoek parte hartuko dute. Izen ematea esteka honetan egin daiteke. Guztira, 100 parte-hartzaile espero dira.

Larunbatean, martxoaren 16an, 7:30etatik 13:30etara egingo den hirukoka itsasontzi ainguratuko arrantza-lehiaketan 20 ontzi inguruk parte hartuko dute. etEKPtik irtengo dira itsasontziak eta izen ematea egiteko webgunea hauxe da.

Gurutzeontzien itsasaldia larunbatean, martxoaren 16an egingo da, 10:30ean irten eta 13:30ak arte. Donibane Lohizune aldera joango dira, kostaldetik 4 miliara, arrantza-lehiaketa ontziak inguratuz. 14:00etan berriz, Hondarribiko Klub Nautirkoan, Arrantzaleen kofradiaren ondoan hamaiketako egingo da parrillan txistorrak eta berdelak errez, sagardo eta garagardoz lagunduta.

Ababorri buruz

Lehenengo bi edizioetan arrakasta lortu, eta Ababor garrantzi handiko ekitaldia bihurtu da eskualdean: 80 enpresa erakusketari eta ia 10.000 bisitari erakarri ditu.

Bisitarien % 80k 4 eta 5 puntu artean eman dizkiote azokari, 5 puntuko eskalan, eta, babes handi horren osagarri, Frantziako merkatuak interes handia adierazi du. Frantzian, nautikak berebiziko eginkizuna betetzen du ekonomian, eta hamaika jarraitzaile du. Bada, orain arteko bi edizioetan, bisitari frantsesen presentzia % 16 eta % 20 artekoa izan da.

Hirugarren edizioa 2025eko martxoak 28tik 30era egingo da, eta nautikazaleak eta sektoreko profesionalak erakartzen jarraituko duen itxura du, Euskadiko eta Espainiako iparraldeko azoka nautiko nagusien artean sendotuko den itxura. Ekitaldiak, aurreko edizioetan bezala, ANENen (Enpresa Nautikoen Elkarte Nazionala, Espainiako sektore nautikoaren patronala) laguntza instituzionala izango du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude