Irungo Udalak IRUNVIren bitartez jakinarazi duenez, Emigrazioko eraikina birgaitzeko lanak egiteko epea luzatu da. Horretarako, Lanbideren eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren bulegoak Kunsthalera lekualdatuko dira. Bulego horiek ekainean lekualdatuko dira Kunsthalera.
Horrela, IRUNVIko Administrazio Kontseiluak Emigrazioko eraikinaren birgaikuntza energetikorako proiektuaren 1.1 faseko lanak egiteko kontratua aldatzea onartu du -proiektuaren barruan, auzorako ekipamendu soziala kokatuko da eraikinean, hala nola adinekoentzako lokal bat, auzo elkarteentzako lokal bat, liburutegi bat eta haur txoko bat-, lanak egiteko epea azaroaren 30era arte luzatzeko eta kontratuaren prezioa aldatzeko.
Lehenengo fasea oso aurreratuta dago jadanik: adinekoentzako lokala, auzo elkarteentzako lokala, liburutegia eta haur txokoa egokitzeko lanak. Era berean, auzorako beste erabilera eta espazio batzuk ezarriko dira eraikinean, baita gazteentzako alokairuko etxebizitza publikoak ere. IRUNVI arduratzen ari da proiektuaren kudeaketa integralaz. Proiektuaren 1.2 faseko lanak (eraikinaren kanpoaldeko urbanizazioa), berriz, datozen egunetan hasiko dira; alegia, bi faseetako lan batzuk batera egingo dira.
Emigrazio eraikina
Eraikinaren berezko berezitasuna dela eta, haren izaerari eustea da helburua, eta, horregatik, kontu handiz egin behar dira birgaitze lanak. Alejandro de la Sota arkitektoak diseinatu zuen eraikina, José María Iturriaga arkitektoarekin elkarlanean, eta 1963an bukatu ziren eraikuntza lanak, Espainiako Emigrazio Institutuaren ardurapean. 1990eko hamarkadaren hasierara arte erabili zen eraikina.
Ingurunearen berrikuntza
Irungo Udalak Emigrazioko eraikinaren inguruan ere egingo ditu lanak, Anaka eta Basurko kaleetan, irisgarritasuna hobetzeko: espaloiak egokituko ditu, eta zolagaina berrituko du. Sortzen diren espazioetan, oinezkoak eta ibilgailuak maila berean egongo dira, edo oinezkoek izango dute lehentasuna.
Jarduketa nagusia Basurko kalea, Javier Esteban Indart eta Anaka kaleen arteko tartean, oinezkoentzat egokitzea izango da. Bestalde, Emigrazioko eraikinaren Anaka kaleko espaloia berrurbanizatuko da, zabalagoa izan dadin.
Antolamendu berria gauzatzeko lanak bukatutakoan, pasabidea duten etxabeen erabiltzaileen ibilgailuak bakarrik sartu ahalko dira Basurko kalean; debekatuta egongo da gainontzeko ibilgailuak sartzea. Kalea bi noranzkokoa izango da, eta ibilgailuek Basurko kaletik bertatik sartu eta atera beharko dute; debekatuta egongo da Basurko kaletik Anaka kalerantz ateratzea.
Bestalde, lanen barruan, Udalaren egungo argiztapen azpiegiturak berrituko dira, eta inguru osoa saneatuko da. Proiektua eraikinaren barrualdeko plaza urbanizatzeko proiektuarekin koordinatu da. Datozen egunetan egingo da lizitaziorako deialdia.



