Abuztuaren 22tik 24ra egingo da Bidasoa Folk jaialdiaren XXIV. edizioa

Abuztuaren 22tik 24ra Bidasoa Folk jaialdiaren XXIV. Edizioaren lekuko izango dira Irun, Hondarribia eta Hendaia. Aurtengo kartelak sei kontzertu hartzen ditu, hiru herrietan egingo diren bina kontzerturekin. Aurreko edizioetan bezala, nazioarteko sona duten artistak, proposamen abangoardistak eta kultura arteko elkarrizketarako apustu sendoarentzako bilgune izango dira.

“Bidasoa Folk erreferentzia sendoa da udako kultur programazioan. Jaialdi hau gure eskualdeko mugaz gaindiko esentzia plurala da, non musikak kulturen eta belaunaldien arteko hizkuntza komun gisa jokatzen duen. Jaialditik haratago, gainera, Bidasoa Folk funtsezko jarduera da hiru hirien arteko lankidetza eta Irunen, Hondarribian eta Hendaian bizi garenon (bisitatzen gaituztenen) arteko elkarrekintza erakusteko, mugaz gaindiko gure errealitatea eraikitzeko benetako proiektua baita (bassin de vie) “, azpimarratu du Nuria Alzagak, Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko presidenteak.

2025eko edizioak proposamen musikalaren aberastasuna eta aniztasuna azpimarratzen ditu. Son Jarocho mexikarraren erritmoetatik hasi eta Gwennyn-en pop-rock zeltaraino; Chloe Bird eta El Gato con Jotasen joterako omenaldia; Belharraren euskarazko bluegrassa eta Joaquín Pardinilla Sextetok aragoiar folkloreari egindako berrinterpretazioa izango dira programaren osagai.

“Bidasoa Folk-en edizio bakoitza entzuteko, ezagutzeko eta sentitzeko gonbidapena da. Aurten berriz ere hunkituko gaituzten kontzertuak biziko ditugu, musika herrikoiak orainean errotzen eta berrasmatzen laguntzen dutenak”, adierazi du Estitxu Urtizbereak, Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko kideak.

Kontzertu guztiak aire zabaleko balio historiko handiko guneetan izango dira, arratsaldez. Euria eginez gero, estalitako ordezko espazioak prestatu dira. Sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte.

Programa, herriz herri:

  • Hendaia (abuztuak 22, Gaztelu Zahar):

o 20:00: Son de Madera (Mexiko)

o 21:30: Gwennyn (Bretainia)

  • Hondarribia (abuztuak 23, Arma Plaza):

o 20:30: Chloe Bird (Extremadura)

o 21:30: El Gato con Jotas (Extremadura)

  • Irun (abuztuak 24, Junkal plazatxoa):

o 20:00: Belharra (Euskal Herria)

o 21:10: Joaquín Pardinilla Sexteto (Aragoi)

Bidasoa Folken arima

“Jaialdi hau bere garaiarekin eta lurraldearekin elkarrizketan diharduten musika biziei ahotsa emateko espazioa da. Herritar guztiak gonbidatzen ditugu hurbiltzera, jarrera irekiarekin eta jai giroan”, azaldu du Itziar Aizpuruk, baita Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko kideak ere.

Bestalde, Josean Martinek, zuzendari artistikoak, jaialdiaren 24 edizioetako bilakaera nabarmendu du: “Bidasoa Folk-ek gizarte eta kultura aldaketetara egokitzen jakin du bere esentzia galdu gabe. Aurten formatuen aniztasunean eta folklorearen berrinterpretazio garaikidean jarri dugu arreta”.

Bidasoa Folk 2025 jaialdiak konpromisoa berretsi du ondare immaterialarekin, inklusioarekin, kultura arteko elkarrizketarekin eta eskualdearen sustapenarekin artearen eta musikaren bidez. Kontzertuen gainetik, esperientzia kolektiboa da, eskualdeko biztanle eta bisitarientzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude