GORKA MARTINEZ
unpaisenmimochila.blogspot.com
Denbora: 4:30.
Distantzia: 13,13 km.
Desnibela: 683 m.
Zailtasuna: Zaila. Gogorra da, aldapa handiak baititu. Arriskutsua ere izan daiteke, harri tarte batzuetan, eta uztaien igarobidean, batez ere.
Pagogainako aparkalekuan hasten da ibilbidea, eta Aiako Harriko tontorrak inguratzen dituen kanalera jaisten da, Aritxulegiko leporaino. Handik tontor altuenera igotzen da, Erroilbidera (832m). Bi kilometroren buruan Txurrumurrura heltzen da (821m) eta Hirumugarrietara (806m) ondoren. Muganix tontorretik pasatzen da gero (758m), errepidera jaitsi eta aparkalekuan amaitzeko. Ibilbide biribila da.
Sorotxiki aparkalekuan ekingo diogu ibilbideari, GI 3454 errepideko 10 eta 11 kilometroen artean. Errepidearen beste aldean, San Anton urtegirako bidea zehazten duen seinaleari jarraituko diogu. Harrizko pistan zehar egingo dugu aurrera, eta hamar minutu pasata, ezkerrera doan bihurgune baten erdian, eskuin aldera doan bidexka hartuko dugu, kanaleraino. Lau bat kilometro eder egingo ditugu kanalaren ondo-ondotik.
NA-4000 errepidera irtengo gara (ordu bete), eta eskuin aldera doan bidea hartuko dugu, baserri-jatetxe baten ondotik. Aritxulegiko lepora helduko gara (1:30), eta Elurretxera bidean jarraituko dugu. Eguneko lehen aldapa gogorrari egingo diogu aurre. Tontorretara bideratzen gaituen kartelera iritsiko gara (2 ordu). Hortik aurrera, marka biribil gorriei jarraituko diegu, Erroilbidera bidean granitozko arroken artean ez galtzeko. 3.ordua betetzerako, tontor altuenean izango gara (832m).
Erroilbideren eta Txurrumurruren artean, uztaiaren igarobidea dago. Harrizko horma da, eta uztaia dago, nahi izanez gero, soka batez lagundu ahal izateko. Beti arretaz, baina arazo handirik gabe igo daiteke. Arriskutsuago izan daiteke jaistea, harria bustia baldin badago, batez ere. Ahalegin txiki baten ondoren, Txurrumurrun egongo gara, beraz (821m). Hirumugarrietara (806m) daraman bideak ez du aurrekoaren zailtasunik, eta hamar minutuko kontua izango da.
Biribil gorriak jarraituta, Muganix tontorrera helduko gara (758m). Hiru tontor nagusiak baino iparralderako dago. Begiratoki ederra da. Atzera egingo dugu gero, bide beretik, Hirumugarrietatik gertu dagoen hesira (4 ordu). Ezker aldera geratzen den bidea hartuko dugu, maldan behera, errepideraino. Beste bi kilometro egin beharko ditugu Irun aldera, Sorotxikiko aparkalekura bueltatzeko.