Iritiza. Iñaki Goikoetxea. Korrikak ere, 365 egun

Orain dela urte batzuk eta Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, abenduaren 3an ospatzen dena, Euskal Herrian zehar kanpaina bat zabaldu zen “Euskarak, 365 egun” lelopean, gure hizkun-tzaren erabilpenaren aldarria urteko egun guztietara zabaltzera gonbidatzen zuena. Bat egiten dut ideia honekin eta, azken egunetan, euskararen mundutik beste esparrutara eraman beharko genukeela ikusi dut.

euskahaldun
Azken hilabetean Korrika izan da gure errepide, herri, hiri eta mendietan; berriro ere, irudi paregabeak euskararen aldeko lasterketak utzi ditu! Txingudi aldera ere iritsi zen Korrika asteburuan eta, euripean bada ere, mota guztietako jendea ikusi genuen lekukoaren atzetik: haurrak, gazteak, helduak, zaharrak, politikariak, politikan sinesten ez dutenak, abertzaleak, abertzaleak ez direnak, ikastolakoak, itunpeko ikastetxekoak, kirolariak, bi urtetan behin bakarrik korrika egiten dutenak… une batez eta guztiak irundarrak izan arren, urtean zehar harremanik ez duten pertsona eta elkarteak batera ikusten genituen. Korrikak mesfidantzak desagerrarazten ditu… baina Korrika bukatzean, magia hori ahazten da eta, berriro egunerokotasunean gaudenean, betiko galderetara itzultzen gara: ze elkartek antolatzen du ekitaldi hori? ze alderdi politiko (edo alarderen) alde egiten du pertsona horrek? non izango da hain interesgarria izan daitekeen hitzaldi hori? Horrelako galderek eta aurreiritziek norberaren bizitzan eragina dute.
Bai, azken galdera ere gure inguruan ematen da, oso eroso sentitzen garelako gure betiko tokietan, eta zaila egiten zaigulako hiriko beste txokoetara joatea: besteak beste, Kale Nagusia, Urdanibia-Mosku ingurua, Luis Mariano edo Cipriaño Larrañaga kalea (“Calle de la Mierda” ezizenarekin ere ezagutzen dena). Irun horrelako hiruzpalau girotan bana dezakegu eta koadrila asko ez dira bere betiko lekutik ateratzen direnak. Horrela zer lortzen da? Aldi berean egon gaitezke hiri berdinean, baina ez gara elkarrekin bizi.
Egoera hau saihesteko, proposamen bat: Korrikaren izaera edo espiritua gogoratzea eta normalean hain hurbilak ez diren txokoetara edo pertsonengana hurbiltzea; gizartearen beste ikuspuntua ezagutzeko aukera paregabea izan daiteke, hain anitza den gure Irunen!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude