Airearen kalitateari buruzko datuak herritarren esku daude jada udal webgunean

Irungo Udalak, Garapen Jasangarriko arloaren bidez, gaurtik aurrera udal-webgunean atal berri bat du, udalerriko airearen kalitatea monitorizatzeko sareak bildutako informazio guztia herritarren eskura jartzeko. Ekimen honen helburu nagusia herritarrak hiriko airearen egoeraz jabetzea da, datu teknikoak modu ugarian eta ulergarrian eskainiz.

Borja Olazabal Garapen Jasangarriko ordezkariak prentsaurrekoan azaldu duenez, atal berri hau “oso modu bisual eta errazean” diseinatu da, edonork erabili ahal izateko: «Udalean, ahalik eta gardenen jokatzen saiatzen gara, are gehiago ingurumenarekin lotutako kontuetan. Webgunearen atal berri honek aukera emango dio edonori hiriko airearen kalitatea zein den jakiteko».

Webgunean, erabiltzaileek hainbat datu aukeratu eta iragazi ditzakete. Batetik, neurgailuaren kokalekuaren arabera, hirian zehar banatutako gailu zehatza hautatzeko.Bestetik, kutsatzailearen arabera, hau da, NO2, NO, CO, ozonoa eta partikula esekiak (PM10; PM2,5 eta PM1). Data tartea ere aukeratu daiteke, aldagaien bilakaera historikoa aztertzeko. Era berean, arauko mugak zeintzuk diren kontsultatu daiteke, Kutsatzaile bakoitzak legez dituen mugei buruzko informazioa jasoz.

Sare baten parte

Gaur egun, Irungo airearen kalitatea monitorizatzeko sistema 11 neurgailu kompaktuz osatuta dago. Sare hau zabaltzeko inbertsioa 240.000 euro ingurukoa izan da, eta lehen fasean NEXT Generation-EU funtsen laguntza jaso zuen Udalak.

Horrez gain, aurten berriro instalatu dute hirian Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarearen estazio mugikorra. Estazio hori urtarrilean Colón ibilbidean egon zen datu erabilgarriak biltzen, 2024an eta 2025ean egindako kanpainen jarraipen gisa.

Euskal Autonomia Erkidegoan, airearen zaintza Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren esku dago. Sare nagusi horrek 55 estazio ditu guztira, eta Irundik gertuen daudenak Jaizkibelen eta Lezon kokatuta daude. Estazio horien datuak ere etengabe eguneratzen dira Eusko Jaurlaritzaren webgunean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude