Behobiako airearen kalitatea neurtuko da datozen hilabeteetan

Irungo Udaleko Garapen Jasangarriko arloak jakinarazi duenez, airearen kalitatea neurtzeko unitate mugikorra Behobia auzora eraman dute, futbol-zelaiaren ondora, datozen hilabeteetarako (bi hilabete, gutxienez). Irunen isuri gutxiko eremu bat garatzeko proiektuaren barruan sartzen da instalazio hori, eta helburu nagusia da hiriko airearen kalitatea hobetzea.

Helburu hori betetzeko, airearen kalitatea neurtzeko kanpainak egiten ari dira hiriko hainbat tokitan, Eusko Jaurlaritzako Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sareko estazio mugikor baten bidez.  Neurtzeko kanpaina horien osagarri, airearen kalitatea monitorizatzeko sare bat ere instalatuko da (sentsore finkoak), eta, aldi berean, trafikoaren analisi, azterketa eta modelizazioak ere egingo dira.

Estazio mugikorrak etengabe neurtzen du, eta informazioa Eusko Jaurlaritzako Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Zerbitzuak tratatzen du. Ondoren, neurketa-kanpaina bakoitzaren amaieran, Udalari igortzen dio lortutako datuen txostena.

Urtebetetik gorako ibilbidea

Airearen kalitatea neurtzeko kanpaina 2023ko irailean hasi zen Colon ibilbidean (bi kanpaina: irailetik otsailera eta maiatzetik abendura), eta Ospitale Zaharrean, martxotik maiatzera.

55 estazio

Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarea EAEko kutsadura-maila kontrolatzeko eta zaintzeko tresna bat da. Analizagailuak eta sentsoreak dauzka, airearen kalitateari buruzko araudiak zehaztutako kutsagarriak neurtzeko (SO2, NO eta NO2, ozono troposferikoa, CO, bentzenoa eta PM10 eta PM2.5 partikula esekiak). Eta parametro meteorologikoak ere neurtzen ditu.

Hainbat estaziok osatzen dute sarea, eta lurralde osoan zehar banatuta daude. Gaur egun, 55 estazio daude. Estazio finko horiez gain, sareak ekipamendu mugikorrak ere baditu (2 furgoneta eta atoi bat), lurraldearen edozein puntutan unean uneko kanpainak egin ahal izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude