Egoera nahasia da Artaleku aldean 2014aren bukaeran. Bidasoa-Irun taldeak ez du zuzendaritzak espero zuen maila eman. Hurbilago ditu jaitsiera postuak Asobal Ligara igotzeko play off-a baino. José Ángel Sodupe presidenteak argi hitz egin du: “Pazientziak epe bat dauka. Kirolean emaitzek agintzen dute, eta batzuetan muturreko neurriak hartu beharra dago”. Urtebetean erabat aldatu da Soduperen diskurtsoa. Bidasoak bizi izan dituen gorabeheren ondorio da eraldatze hori.
Asobal Ligan hasi zuen Bidasoa-Irunek 2014.urtea. Jaitsiera postuetan zegoen arren, bazuen itxaropena bigarren itzuliari begira. Etxeko talde xumearekin ekin zioten irundarrek Asobaleko abenturari, baina jokalarien hobekuntza agerikoa zen Gabonetako etenaldirako. Taldeak ez zuen inolako presiorik, eta mailari euste hutsa lorpen handitzat jo zitekeen. Tamalez, ligako bigarren itzuliak aurrera egin ahala, ametsak bazter geratu ziren. Bidasoak ez zuen Asobalek eska-tzen duen maila eman, eta jaitsiera errealitate bihurtu zen inork nahi baino lehenago. “Hasieratik bagenekien zaila izango zela. Ahal izan genuen arte borrokatu genuen, burua beti tente. Asobalen jokatzea aukera ona izan zen, eta esperientzia asko hartu genuen”, gogoratu du Jon Azkue jokalariak.
2013ko udan gertatutakoa gogoan, Asobal Ligan jarraitzeko gonbidapena espero zuen Bidasoak. Talde askoren arazo ekonomikoak agerikoak ziren, baina horien inguruko erabakiek atzerapen etengabeak jasan zituzten. Dokumentazioa aurkezteko epea gaindituta, hiru luzapen jaso zituen BM Aragón elkarteak. Uztailaren amaierara arte itxaron zuen Bidasoak, azkenean Ohorezko B Mailan jokatuko zuela jakiteko. Zuzendaritzak arreta prozesu horretan jarrita zeukan bitartean, jokalarien joan-etorriak hasi ziren. Lehen albiste txarra Ander Ugartek eman zuen. Taldeko erreferentzia nagusietako bat izandako pibote irundarra galdu zuen Bidasoak. Huescarako bidea hartu zuen, Asobal Ligako lehen postuetan eta EHF Kopan lehiatzeko aukerak erakarrita.
Baina udako ezusterik handiena Asier Aranburu kapitainak eman zuen, klubean jarraituko ez zuela iragarri zuenean. Bere kontratuaren inguruko berririk ez zuela eta, presidenteari deitu zion taldea entrenatzen hasi zen egunean. Orduan eman zion berri txarra José Angel Sodupek. Albisteak sortu zuen zalaparta ikusita, klubean segitzeko eskaintza egin zion Bidasoak Aranbururi. Ezezkoa eman zuen: “Kirol zuzendaritzaren partetik ez nuen niganako interesik ikusi. Ez dut uste lau egunetan haien denboraldirako plangintza asko aldatu zenik”. Eskubaloiaren munduko eta kanpoko jende askoren babesa jaso zuen Asier Aranburuk, eta irudi ona utzita irten zen Artalekutik. Geroago, Tolosarako bidea hartu zuen, Otegi, Rincón, Mujika eta De Cerio taldekide ohiekin batera.
Etsipena denboraldiaren lehen erdian
Udako gorabehera guztien ondoren, eraberrituta ekin zion Bidasoa-Irunek denboraldiari. Dejanovic, Zildzic, Trkulja eta Revin atzerritarrak iritsi ziren, baita Asobalen esperientzia handia duten Muiña eta Fuentes ere. Garaieraren eta pisuaren mesedetan, nortasuna eta elkar uler-tzeko gaitasuna galdu zituen Bidasoak. Taldearen maila aurresuposatuta, asmo handiko helburua jarri zion klubak: Asobal Ligara bueltatzea. Baina liga hasi bezain pronto taldearen hutsuneak agerian gelditu ziren. Burua altxa ezinean dabil, sailkapenaren erdialdetik behera. “Kezkatuta nago, uste dut taldeak askoz gehiago eman dezakeela”, onartu du Fernando Bolea entrenatzaileak. Hala ere, jardunaldiak aurrera doaz, eta taldean hobekuntza handirik ez da nabari. “Oraindik goiz dela esateak dagoeneko ez du zentzurik”, adierazi du José Ángel Sodupek. Ez da giro Artalekun Gabonetako etenaldiaren atarian.