Ametsa Abesbatza Kultur elkarteak ukigabe mantentzen du kantuarekiko pasioa. Oraingoan, berriz, erronka berri bati heldu diote eta abesbatzari aire fresko berria emateko ganbera abesbatza bat sortu dute. Leticia Vergara da Kimu izeneko abesbatza berriaren zuzendaria eta Gabonetako Kontzertuan estreinatzea nolakoa izan den azaldu digu.
Nola hasi duzue Ametsa Abesbatzan 2026. urtea?
Ba proiektu berri bati ekin diogu. Abesbatza berri bat sortu dugu, Ganbera abesbatza bat hain zuzen ere eta Kimu du izena. Bi arrazoik eraman gaituzte proiektua abiatzera. Alde batetik, hemen, gure etxean, Ametsa Abesbatza kultur elkartean sortzen diren abeslariei beste aukera batzuk emateko intentzioarekin. Gehienak, Ametsa Txikitik pasa dira eta abesten jarraitzeko asmoa dute. Bestetik, beste musika mota ezberdinak lantzeko asmoarekin, elkartean ditugun beste abesbatzekin eskaintza osatuz. Orain arte ez genuen ganbera abesbatzarik eta hori sortzea bururatu zaigu, elkartearen eskaintza zabaldu eta hiriarentzat zerbait desberdina egiteko.
Ibilbide luzeko elkartea izan arren, jendea erakartzen jarraitzeko berritasunak eskaini behar dira beti, ezta?
Hori da. Badakigu jende heldu edo gaztearentzat ordutegien aldetik zailagoa dela horrelako konpromisoa hartzea. Beraz, abesbatza honek modu ezberdinean funtzionatuko du: entseguak hiru edo lau astetik behin egingo dira, astero 2 edo 3 aldiz elkartzea askorentzat ezinezkoa delako. Aspaldi kantatu duten eta oraindik kantatzeko gogoz dabiltzanak berreskuratzeko asmoz erakartzeko egiten dugu hau ere.
“Norbait kantatzeko gogoz balego, Ametsa Abesbatzara etortzeko esango nioke”
Nolako harrera izan du egitasmo berriak?
Hasieran koroaren barnean dauden pertsona batzuekin hitz egin genuen, adibidez, Ametsa Txikiko neskatxa helduenekin, 15 eta 16 urte inguru dituztenak edo aspaldi hemen kantatu zuten Ametsako beste gazteekin. Horiek batuz taldetxo bat osatu dugu. Ilusioz hasi ginen, aurpegi ezagun askorekin, baita maila emango ote zuten beldurrez gerturatzen ziren beste batzuekin ere. Zerotik hasi ez bagara ere, alde horretatik ez da arazorik izan eta polita izan da hasiera.
Zein helburu dituzue ganbera abesbatzaren lehen ikasturterako?
Ba udaberrirako proiektu bat prestatzen ari gara. Oraindik ez dugu eguna finkatu, baina seguruenik apirila edo maiatza inguruan kontzertu bat emango dugu. Kontzertu ezberdin bat izatea nahi dugu. Askotan publikoa ordubeteko kontzertu batera erakartzea zaila izaten da, beraz iraupen ezberdina izan dezake. Bestetik, Irunen, espazio aldetik, kontzertuak egitea ez da batere erraza, Amaia antzokia hitzorduz gainezka baitago beti eta, beraz, imajinazioa martxan jarriko dugu leku berriren bat bilatzeko.
Nolako egoera bizi du egun ganbera musikak arrakastari dagokionez?
Nik esango nuke abesbatzen munduaren egoera berdinean dagoela. Desberdintasuna izan daiteke askotan Ametsa abesbatzak orkestrarekin batera lan egiten duela. Ganbera abesbatzaren kasuan musikariak gutxiago izan daitezke eta, beraz, kontzertu baten antolaketa edo hori leku batetik bestera mugitzea errazagoa da. Errepertorio aldetik oso eguneratua dago, konpositoreen lan etengabeari esker.
Oraindik abesbatza berri honetara batzeko aukerarik ematen duzue?
Norbait kantatzeko gogoz balego, Ametsa Abesbatzara etortzeko esango nioke. Hemen elkartean seguru izango dugula berarentzako tartea, txiki, gazte edo helduentzat. Zehazki, Ganbera talde berri honetan bai eskatzen dugula musika apur bat ezagutzea, nahiz eta bertara batzeko ez zaien titulaziorik eskatuko. Noizbait kantatu izan dutenak edo behintzat partiturak irakurtzen dakitenak, gerturatu daitezela.
“Orain arte ez genuen ganbera abesbatzarik eta hori sortzea bururatu zaigu, elkartearen eskaintza zabaldu eta hiriarentzat zerbait desberdina egiteko”
Estreinaldi berezia izan zenuten, hain zuzen ere, Gabonetako Kontzertuan. Nola moldatu zineten?
Bai. 2025eko abenduaren 28an izan zen Ametsa Kultur Elkartearen Gabonetako Kontzertuan eta bi abesti kantatu genituen. Oso polita izan zen berriz ere zirrara hori sentitzea, zerbait berria sortzen ari garela jakinda. Nik 25 urte daramatzadalako abesbatza zuzentzen eta Ametsa elkarteak 60 urte baino gehiago ditu. Beraz, ilusioz ikusi nituen abeslariak eta baita publikoa ere.
Publikoak ere asko eskertuko du abeslarien aldetik proposamen berriak entzutea.
Hasieran, proposamena aurkeztu genuenean, harritu egin ziren, nahiz eta gero pozik hartu zuten. Esan bezala, eskaintza berritzea ona da eta pixkanaka gauza txiki bat aldatzeak suposatzen du denborarekin gauza asko aldatzea. Elkarteak urte asko dauzkan arren, urtero aldaketa txikiak egiten ahalegintzen gara, esaterako, elkartera pertsona berriak erakartzen.
Beraz, zeregin horretan, harrobia mantentzeko gauzak eskaintzea garrantzitsua dela esango zenuke?
Abeslari txikiek erreferenteak izatea oso garrantzitsua da. Hau da, ikus dezaten beraiek egiten ari diren ekintza hori ez dela ero batzuen kontua. Pozik gaude aurten 7 edo 8 neska-mutiko batu direlako txikien abesbatzara eta guretzako hori oso albiste pozgarria da, orain arte 20 ginelako. Ametsa bezalako abesbatza batentzat taldeak zabaltzea garrantzitsua da eta, noski, harrobia gure oinarria da horretarako. Kirol klubek harrobi handia izan ohi dute, gero benetan bikaina den jokalari bat lortzeko. Gure kasuan ahal den bezainbat haur izan nahi dugu. Abesbatzaren egoitzan lekua soberan dugu eta, beraz, dena prest daukagu musika probatzeko aukera izan dezaten.
Zeintzuk izango dira zuen erronkak hasi berria den urterako?
Kimu abesbatzak udaberrian lehen aipatutako kontzertu berezia izango du. Sanmartzialetako kontzertuaren data oraintxe itxi berri dugu eta bertan abesbatza guztiekin batera parte hartuko dugu. Kimurekin urrian edo azaroan beste gauza bereziren bat egin nahiko genuke. Ametsa Txikirekin kontzertu pedagogikoa izango dugu, apirilean, Irungo Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasle guztientzat izango dena. Amaia kultur zentroan bi saio egiten ditugu horretarako. Oraindik beste hitzordu batzuk guztiz finkatu gabe ditugu, adibidez, Gabonetako kontzertua. Bestetik, inguruko abesbatzaren batekin elkartrukeren bat egiteko ere ari gara lanean eta haurrak kantatzera gonbidatuko dituen ekimen bat izango dela aurreratu dezakegu.



