Kapitulu berri bat ireki da Irungo kasinoaren historian. Izan ere, urriaren 3tik aurrera Casino Gastrotekak kudeaketa berria du Grupo Tino Hostelería enpresaren eskuetan. Antonio Nataliok hirian ostalaritza proiektu berri hau nola gauzatuko duten azaldu digu. Horrez gain, 2025eko urriaren amaieran Hondarribian Sardara taberna berriro irekitzeko lanean ere ari dela adierazi digu Antoniok. 
Nola iritsi zen Casino Gastroteka zure eskuetara?
Ba egia esan, dena pixka bat ezustean gertatu da, ezta? Hilabete batzuk neramatzan Casinoa itxita ikusten eta atentzioa ematen zidan. Bazirudien negozioan interesa zuten pertsonak bazeudela, baina azkenean Pedro presidentearekin hitz egiteko ideia izan nuen. Galdetu nion ea zergatik zegoen tramitea geldirik eta ea irekitzeko aukerarik ba ote zen. Horrela jakin nuen negozioa ez zela aurrera atera aurreko pertsonarekin eta bizitzako kasualitateengatik, niri egokitu zait proiektu berri honi aurre egiteko aukera. Egia esan, plazer bat da establezimendu honen parte izatea, oso enblematikoa baita, eta, batez ere, Gaztelumendiz gain, Irungo beste taberna adierazgarri bat izateko aukera ematen didalako. Lan ona egin nahi dugu hiriari giro biziagoa emateko.
Casinoa hiriko taberna-jatetxe berezienetako bat da.
Bai, esan dudan bezala, kasualitate hutsa izan da. Azkenean, lan ona eginez eta zure erantzukizuna indarberritzen dizun iragana edukita, jendeari konfiantza ere sortzen zaio. Ostalari bezala, hemengo benetako lokalekin lan egitea gustatzen zait. Oso ondo egokitu naiz hiri honetara. Oso harrera ona egin didate eta ia irundartzat jotzen dut neure burua, nahiz eta hemen jaioa ez izan, baina ia-ia. Horregatik, oso pozik eta prest nago erronka berri honetarako, nire familiarekin eta nire laguntzaileekin batera, jendea artatzeko prest baikaude. Oso pozik egingo dugu, ahalik eta ondoen.
“Kafe bakoitza da garrantzitsua, hori da nire ikuspuntua”
Sektorean aurretik izandako esperientzia oso lagungarria izango zaizu erronka berri honetan.
Bai, egia esan, Tinorekin hasi ginen, Zabaltza plazaren ondoko taberna txiki batekin, eta dena, urratsez urrats, aurrera egiteko prozesua izan da, baina, era berean oso azkar joan da, hirian harrera ona izan baitugu. Lana ere polita izan da, egokitzapenekoa. Gaztelumendi tabernak asko lagundu digu esperientzia hartzeko, ikaragarria izan da bertan ikasitakoa. Pandemiaren garaia zaila izan bazen ere, pozgarria da beti izan ditudan proiektuei berriro heldu ahal izatea, batez ere horrelako leku berezietan bada. Inoiz ez nuen hainbeste amets egin, baina aukerak aprobetxatu behar dira, eta horretarako prest gaude, aurrera egiten jarraitzeko.
Gainera, Casinoarena ez da azkenaldian sortu zaizuen negozio aukera bakarra.
Bai, kasualitatea izan da, Casino Gastrotekaz gain, laster beste lokal bat irekiko dugulako. Ez da ohikoa, baina trena behin bakarrik pasatzen da. Hau da, aukerei heldu egin behar zaie iristen direnean. Nik beti esaten dut nahiago dudala gaizki egindakoaz damutu, egin gabe utzitakoaz damutu baino. Gainera, denak ez du zergatik gaizki atera behar eta, hala bada, gauzak gaizki suertatzen badira, esperientzia bat ere izan daiteke, eskarmentua; beraz, alde positiboa atera behar zaio. Bi lokal batera irekitzea ez da erraza, baina tira. Hondarribian urriaren amaieran Sardara taberna irekitzea aurreikusten dugu, bitartean ezustekorik ez badago behintzat. Gauzak oso ondo doaz oraingoz, borondate handia dugu eta, zer esanik ez, oso talde ona.
Zer egoeratan dago gaur egun eskualdeko ostalaritza?
Nire ikuspuntutik, udak oso onak izaten ari dira, aurtengoa barne. Egia esan, pandemiaren ondoren Irunen ostalaritzan oro har ondo ari gara lanean, ez bakarrik ni, baita auzoetan ere. Egia da udan hainbat jende kanpora joaten dela, baina Irungo bizpahiru plazatan nahiko ondo lan egiten da. Adibidez, San Juanen ondo ari gara lanean eta aukera hori nahiko ondo aprobetxatzen ari gara. Nik uste dut gauzak ondo egiten baditugu, adeitasunez, produktu onarekin eta sinpatiarekin, jendea etorriko dela, hori da nire ikuspuntua. Orduan, laburbilduz, Irun gustatzen zaidala esango nizuke, eta Hondarribia, ba ikusiko dugu nola doan, baina ondo joango dela uste dut.
Urriaren hasieran inauguratu zenuten Casino Gastroteka.
Bai. Hemen proposamena, jatetxeaz gain, tabernako barrarekin ere lan egitea izango da. Kanpoan ere terraza prestatuko dugu eguzki egunetarako. Pintxotxo bat, ardotxo bat edo kafe soil bat baino nahi ez duen jendea ere artatu nahi dugu. Barra lantzea garrantzitsua iruditzen zaigu, horrek ere jende asko erakartzen duelako. Kafe bakoitza da garrantzitsua, hori da nire ikuspuntua. Gastronomia tradizionalaren aldeko apustua egingo dugu, gauza desberdin batzuekin. Horretarako, sukaldariarekin batera lan egingo dugu hilabete hauetan, bezeroak eskatzen duenera egokitzeko. Nire filosofia jaki tradizionala eta hemengoa lantzea da. Ukitu italiar bat ere eman nahi diot. Tinoren tostak sartuko ditugu, jendea gogoratzen delako eta eskatzen dizkigulako, eta gauza positiboa izan daitekeela uste dut.
“Gastronomia tradizionalaren aldeko apustua egingo dugu, gauza desberdin batzuekin”

Zuen aurreikuspenen arabera, zeintzuk izango dira lanik handieneko garaiak?
Nik uste dut bezeroen jarioa etengabekoa izango dela, inguruan ditugun banku eta denda guztiak ikusita, hori da behintzat nik dudan itxaropena. Turistak ere bai, noski, kanpotik datozen guztiak, baina nik uste dut batez ere egunean zehar hemengo jendea izango dela benetako bezeroa. Gainera, enpresa bilerentzat ere leku aproposa izan daiteke, leku lasai eta polita baita.
Eta zure ustez, nola bereiz daiteke beste aukeretatik?
Nik uste dut nire ukitua eta lan egiteko modua jarriko ditudala. Nik beti esaten dut garrantzitsuena zerbitzua adeitasunez ematea dela, eta, horretarako, nire laguntzaileen lana oso garrantzitsua da. Kalitatezko produktuak erostea erraza da, baina bezeroaren arreta funtsezkoa da. Bai edo bai egon behar duen zerbait da. Gero, garrantzitsua da, halaber, ingurunean dagoena bilatzea, zerbait ezberdina eskaintzen saiatzeko. Lehenik eta behin, bezeroa lehen aldiz etortzea behar dugu, gero errepika dezan. Bezeroaren iritzia entzutea ere garrantzitsua da, noski, batez ere kritika eraikitzaileak direnean, hobetzen jarraitu ahal izateko.
Etorkizunari begira, nora eraman nahiko zenuke Casino Gastroteka?
Jatetxea gorenera eramatea gustatuko litzaidake. Eta orain arte egin dudan moduan, nire kolaboratzaileak nirekin batera haztea nahi dut. Beti errepikatzen dudanez, ez nauzu ni Ferrari batean ikusiko nire langileek 60 ordu sartzen dituzten bitartean. Ni Ferrarian banoa, lankideak Porschean ibiliko dira. Egia da sektoreko eskulanean kalitate pixka bat falta dela, baina pizgarriak ere falta dira. Beraz, ostalaritzan lan egiteko modua aldatu behar da, baita ostalariak ere. Nik uste dut bide onean gaudela, batez ere, alboan ditudan laguntzaile onei esker. Horren erakusle da ez zaigula jenderik falta izan ez Casino Gastrotekarako ez Sardara irekitzeko.
