Irun benetako bidaia egiteko prestatzen ari da FlashBackekin, 80, 90 eta 2000ko musikarik onena formatu paregabean ekarriko duen ekitaldiarekin. Bi hilabete baino gutxiagoan, 2.000 sarrerak agortu egin dira, eta urteko hitzordu esperoenetako batean bihurtu da. Arrakasta ospatzeko eta sarrera lortu ezin izan zutenei azken aukera bat emateko, atzo beste 200 sarrera atera zituzten, dagoeneko agortu egin direnak.
FlashBackek ikusmin handia sortu du Irunen, eta, horrez gain, interes handia piztu du hiriaz haratago. Bertaratutakoen % 30 Irundik kanpokoak dira, eta Gipuzkoako hainbat herritatik eta inguruko beste eskualde batzuetatik (Landak, Gasteiz, Bilbo eta baita Iruñetik ere) etortzen dira. Horrek indartu egiten du ekitaldiak turismoaren eta tokiko ekonomiaren dinamizazioan duen eragina.
Otsailaren 20an egindako prentsaurrekoan, ekitaldiaren irudi grafikoa aurkeztu zen, eta urteko erreferente bihurtuko den lehen edizio honen xehetasun guztiak azaldu ziren. Era berean, dimentsio horietako ekitaldi batek hirian sortzen duen eragin positiboa nabarmendu zen, ez soilik kulturan, baita ekonomian eta turismoan ere.
Egitarauaren xehetasunak
FlashBackek lehen mailako “line-up” bat izango du, tokiko talentua eta remember ikonoak konbinatuz:
19:00etan DJ Aitana Grandesek irekiko du ekitaldia. Remember arratsaldeetan aditua den DJ irundarrak emango dio hasiera gauari, set nostalgiko baten laguntzarekin. 21:00etan La Reina del Pop, La Oreja de Van Gogh taldeari omenaldia egiten dion taldeak hartuko du jaiaren lekukoa. 23:00eta Fernandisco, Los 40 Principales taldeko esatari eta DJ mitikoak, remember-aren kondaira oso batek, bere energia paregabea ekarriko du hits ahaztezinez betetako saio batekin. 01:00etan, SH* T Street Session-en txanda izango da, Irunen garai bat markatu zuten emakumezko DJei omenaldia eginez. Azkenik, jaialdia goizeko 2:00etan amaituko da.
Musikatik haratagoko esperientzia
Jaialdiko edalontzien salmentatik lortutako irabazi guztiak Minbiziaren Aurkako Elkarteari emango zaizkio, ekitaldiak kausa garrantzitsu batekin duen konpromisoa indartuz. Euskotrenek tren gehiago eskainiko ditu Ficobako geltokitik, zehazki, 1:00etan eta 3:00etan. Gainera, Ficobako doako aparkalekua erabili ahalko da ere.
Erdialdeko tabernek, Manolok eta Arkupek, “Vermutada FlashBack” antolatuko dute ekitaldia hasi aurretik. Bestetik, hiriko zenbait tabernek, menu bereziak eskianiko dituzte egun horretan, proposamen gastronomiko tematikoekin: Korreos Soft Luis Mariano, Don Jabugo, Bar Manolo, Bar Gaztelumendi, Zubi kafe bar. Bestetik, KE Albistur dendak Flashback jaialdirako janzkerak proposatuko ditu. Behin jaialdia amaituta, festak Arkupen eta Manolo tabernan jarraituko du. Gaiarekin loturiko apaingarriak eta animazioa izango dira bertan. Gainera, ezusteko performanceak eskainiko ditu A & B shows-ek gauean zehar.
Jaialdiko barra Bidassoa Basque Brewery-ren esku egongo da, Irungo garagardoaren itzulerarekin.Koktelgintzaz Cash Lekuberri arduratuko da, premium koktelak klasedun remember baterako. Tragoxkak La Navarrak prestatuko ditu, Txupito mitikoenei omenaldia eginez. Food Trucks-etan gustu guztietarako eskaintza gastronomikoa dastatu ahalko da. Mugikorretik edo ekitaldiaren barruko puntu fisikoetan kargatzeko eskumuturrekoak dituen cashless sistemarekin funtzionatuko du guztiak. Erabili gabeko kredituak erraz itzuli ahalko dira jaiaren ondoren.



