Faisaien Irla, uharte txiki bat izateaz gainera, pelikula ere bihurtu da Asier Urbieta zuzendariaren eskutik. Bi herrialderen arteko muga desitxuratzen den leku honetan agertutako gorputzaren bidez migrazioaren gaia pantaila handira eraman du. Emaitza apirilaren 25ean estreinatuko da zinemetan. Urbietak onartu duenez, egindako lana ikusleekin partekatzeko irrikan dago, arazoa ikusarazteaz gainera, behingoz konpon dadin.
Nola bururatu zitzaizun gai honen inguruko pelikula bat egitea?
Egia esan, pelikula egiteko ideia sortu zen egunkarian Bidasoa ibaian pertsona bat ito zenaren albistea irakurri nuenean. Errealitate hau ezagutzen ez nuela konturatu nintzen horrela eta gaiaz irakurtzen hasi nintzenean jakin nuen ez zela egoera berdinean hildako bakarra. Hain zuzen ere, horrela jakin izan nuen 2021ean 9 pertsona hil zirela muga honetan. Istorio hau kontatzea beharrezkoa iruditu zitzaidan, jendeak jakin dezan etxetik oso gertu zer gertatzen ari den.
Pelikularen abiapuntua Faisaien irla da, leku berezi bezain bakarra.
Erabat. Faisaien irlak badu berezitasun hori. Hau da, urte erdian Espainiar estatuarena da eta, beste erdian, estatu frantsesarena. Horretaz gain, munduko kondominio txikiena izateagatik ere bada ezaguna. Pelikularen hasieran subiranotasun aldaketa hori irudikatzen da, ekitaldi horren erdian gorpu bat agertzen delako irlan bertan. Beraz, hortik aurrera ikusi beharko da gorpuaren kudeaketa zeini dagokion.
Migrazioa gai ezaguna da muga inguruko bizilagunentzat, baina agian, denboraren poderioz, bigarren planora pasa dena, ezta?
Hori zen nire ideia. Ni Errenteriakoa naiz eta Donostian bizi naiz, eta beraz, hemendik oso gertu nago baina bertan ez da gehiegi hitz egiten errealitate honetaz. Hemendik 20 kilometrora jende askok ez du honen berri. Hori azaleratzeko beharra sortu zitzaidan, ea horrela jendeak gaiaz gehiago hitz egiten duen eta ea horrela behingoz konponbiderik ematen ote zaion, luzaro hedatu den arazoa bihurtu da eta.
Nolakoak izan ziren 6 astez inguru honetan egindako pelikularen grabaketa lanak?
Pelikula hau grabatzea abentura bat izan zen, ez baitzen film erraza. Badaude akziodun sekuentzia batzuk. Azkenean, thriller bat da. Adibidez ibaian bertan akzio handiko sekuentzia bat grabatu genuen. Horretaz gain, jazarpena, komisaria, hildakoa eta ikerketa ere erronka handiak izan ziren. Egia esan, oso ondo pasatu genuen eta taldean giro ona izan genuen, kudeatzeko errazak ez ziren hainbat gai izan genituen arren.
“Hemendik 20 kilometrora jende askok ez du honen berri”
Ezagunak diren hainbat aktorek pelikulan parte hartu izanak jada istorioari balio erantsia ematen diola esango zenuke?
Bai, hala da. Egia da ia hasiera-hasieratik argi izan genuela bi protagonistak Jone eta Sambou izatea. Alde batetik, Jonek transmititzen duen energia bere pertsonaiarentzat nahi genuelako. Bestalde, aurretik Sambourekin telesail batean lan egindakoa nintzelako eta oso gustura nengoen berarekin. Horretaz gain, Itziar Ituño, Josean Bengoetxea, Ximun Fuchs eta Jon Olivaresen parte-hartzea ere izan dugu, beraz, oso aktore onak izateaz gainera, oso giro ona izan dugu grabazioetan.
Zure lehen film luzea izan da hau. Esperientzia oso ezberdina izan da aurretik egin izan dituzun beste proiektuekiko?
Ba erronka bat izan da, baina, egia esan, oso ondo inguratuta egon naiz. Taldekideak aspalditik ezagutzen ditudanak dira eta oso jende profesionala da. Tartean, Telmo Esnal laguntzaile lanetan aritu da eta aspaldi ezagutzen dugu elkar. Ekoiztetxeek ere asko babestu ninduten. Egia esan, nolabaiteko erronka izan da, baina oso gustura egindakoa.
Pelikula euskaraz grabatu duzue. Hasieratik argi izan zenuten horrela izango zela edo bitan pentsatu beharreko erabakia izan zen?
Gure kasuan, hasieratik oso argi izan genuen. Modu naturalean hartutako erabakia izan zen, iruditzen zitzaigulako horrela izan behar zuela. Pertsonaiak inguru honetakoak direnez, guk euskaraz hitz egiten ikusten genituen. Beraz, ez genuen gehiegi pentsatu behar izan, oso modu naturalean erabaki genuen horrela izatea.
Migrazioaren gaiarekin batera, bertako kultura islatu duzue ere erraldoien bitartez.
Erraldoien gaia dator duela 10-15 urte dokumental txiki bat egin nuelako Gigantes Garate Irungo enpresaren inguruan, Xabier Garaterena. Txundituta utzi ninduen atzetik duen alde artistikoak. Pentsatu behar izan genuenean protagonistei zein lan emango genien, burura etorri zitzaidan Xabier Garateren lantegi hura, alde batetik, bisualki oso interesgarria zena. Bestetik, ez dut filmaren bukaera kontatu nahi baina gertatutako zerbaitetan oinarrituta dago eta oso ondo txertatzen zen istorioaren barruan.
“Egia esan, nolabaiteko erronka izan da, baina oso gustura egindakoa”

Faisaien Irla filma Göteborg Film Festival jaialdian estreinatu da, ibilbide hasiera handia izan du, beraz, ezta?
Urtarrila bukaeran egon ginen han. Oso festibal interesgarria da, egile zinema asko bultzatzen duen jaialdi horietakoa. Guztira, bi pase izan genituen, solasaldiekin, eta jendearengan inpaktu handia izan zuen pelikulak, jendeak ez zuelako errealitate hau ezagutzen. Izan ere, ez zekiten Europaren barruan ere mugak daudela eta asko harritu ziren istorio hau erreala zela jakiterakoan. Bestalde, bertan, publikoaren artean, euskaldun batzuk topatu genituen eta horrek etxean sentiarazi gintuen.
Pelikula apirilaren 25ean estreinatuko da. Egindako lana publikoarekin partekatzeko une horrek berezia izan behar du.
Filma jendearekin partekatzeko sekulako gogoa dugu. Estreinaldia iritsi baino lehen, Malagako jaialditik pasako gara. Bartzelonako D´A jaialdian ere egongo gara eta Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian. Horren ostean, pelikularen estreinaldi irekia egingo da, eta beraz, emaitza jendearekin partekatzeko gogoa dugu. Estreinaldia dela eta, Irunen zerbait berezia egitea gustatuko litzaiguke, beraz, aurrerago dena loturik dugunean, horren berri emango dugu.
Behin proiektu hau amaituta, baduzu jada buruan bueltaka ideia berririk?
Bai. Dagoeneko ari naiz beste film luze batean lanean. Lan hau nahiko motela da, eta beraz, gutxinaka egin behar dira gauzak. Istorio berri hori jada idatzita dago eta orain finantzazioa lotzen gabiltza. Ea datorren urtean filmatzerik daukagun. Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.