
Irung´go Atseginako erraldoi eta buruhandien konpartsak aurpegi berritua du. Elkartean 2017. urtean konpartsa zaharberritzeko asmo handiko proiektua hasi zuten. Erraldoiak izan ziren zaharberritze tailerretik igarotzen lehenak. Ondoren, buruhandiei iritsi zaie txanda eta, kasu honetan, 8 buruhandi berri zerotik sortu dira. Buruhandi berrien estreinaldia apirilaren 26erako aurreikusita zegoen, baina eguraldi txarraren ondorioz ekitaldia atzeratu behar izan da, aurkezpen handiaren maila berean dagoen data bat jakinarazteko esperoan.
OHARRA: Buruhandi berrien aurkezpena maiatzaren 24an, larunbatean, egingo da azkenean. Konpartsa 11:00etan Almudena Grandes plazatxotik abiatuko da buruhandi zaharrekin, horiek agurtzeko. 11:30ean Junkal plazatxoan buruhandi berriak aurkeztuko dituzte.
Konpartsa berritzeko prozesua 2017an hasi zen eta 2025ean amaitu da. 2018. urtean konpartsa osatzen duten lehen lau erraldoiak berritu ziren: Alkate-alkatesa bikotea eta baserritarrena. 2019an, erraldoien taldea osatu zen beste lau zaharberritze eginez: afrikar bikotea eta turkiarrak. Iaz, 2024an elkarteak erronka berri bati heldu zion Irun´go Atsegiñako buruhandiak erraldoien maila berean jarri eta txukuntzeko.
Eneko Calvo elkarteko idazkariak eta Haitz Intxausti buruhandien arduradunak azaldu dutenez, erraldoiekin gertatu bezala, buruhandi berrien sorrerak ahalegin handia eskatu du. Izan ere, prozesuaren hasiera-hasieran erabaki garrantzitsu bat hartu behar izan zuten: konpartsak zituen buruhandiak zaharberritzea edo berriak sortzea. Haitz Intxaustik azaldu duenez, “ikertzen hasi eta konturatu ginen orain arte konpartsan genituen buruak ez zirela originalak eta, gainera, nahiko hondatuak zeuden”. Horrela, 8 buruhandi berriak zerotik sortzearen alde egin zuten. Eneko Calvoren hitzetan, “orain arte konpartsan genituen buruek ere badute beren historia, 50 urte baino gehiago dituztelako, ziur”. Beraz, elkarteak orain arte erabilitakoak ondo gorde eta hemendik aurrera buruhandi berriak izango dituzte lagun Irun´go Atsegiñako erraldoiek.
“Kontuan izan behar da konpartsa hau, behar bada Irungo edo Euskal Herriko konpartsa zaharrenetariko bat dela, zaharrena ez bada”
Eneko Calvo, Irun´go Atsegiña elkarteko idazkaria
Buruhandi berrien sorrera ordea, ez da ausaz egindako zerbait izan, eskuak lanean jarri aurretik dokumentazio lan zorrotza egin da eta. Intxaustik aipatu duenez, zeregin horretarako historialari baten laguntza izan dute. Egindako ikerketak ondorioztatu duenez, oraingoan, 1897an sortu eta 1902an erraldoiekin batera Irunera iritsi ziren buruhandiak berreskuratu nahi izan dira, Aquilino Rodriguezek erositakoak. Eneko Calvok erantsi duenez, jatorrizko buruhandien argazki gutxi topatu dituzte eta “argazki historikoak izanda, zuri-beltzean daude soilik eta buruhandiak txiki agertzen dira horietan”, beraz, ez da egiteko erraza izan.
XX. mende hasierako irudiak oinarri hartuta, Irun´goAtsegiñako buruhandi berriak diseinatzeko lanari ekin zitzaion. Aurretik erraldoiekin egin zuten bezala, enkargu berezi eta garrantzitsu hau Iruñako Eskuartean tailerraren eskuetan utzi zuten. Eneko Calvok azaldu duenez erraldoiekin oso esperientzia ona izan genuen beraiekin, “beraz, logikoa zenez, buruhandiak ere beraiek egitea erabaki genuen”. Elkarteko idazkariak aipatu duenez “topatutako argazkietan oinarrituz buruhandi berrien bozetoak eta diseinuak prestatu ziren”. Gainera, erraldoiak eta buruhandiak tailer berean eginez, biek ala biek estetika eta kalitate bera izatea ere lortu nahi zuten.
“Buruhandi berrien sorreran oso presente izan dugu korrika ibiltzeko prestatuak egon behar zirela”
Haitz Intxausti, Irun´go Atsegiñako buruhandien arduraduna
Jatorrizko itxura berreskuratzeko asmoz, artisauak ahalik eta modu finenean jardun dira jatorrizko diseinuak kopiatzen, orduko buruek zituzten aurpegiak, keinuak eta jantziak modurik leialenean birsortzeko. Dena den, Eneko Calvok onartu duenez, “noski, aldaketa eta egokitzapen txiki batzuk egin behar izan dira, baina bai, gure asmoa hasierako buruhandi horietara itzultzea izan da hasieratik”.
Kaleetan lasterka egiteko prest

Buruhandi berriak egingo zirela jakin zutenetik, emaitza ahalik eta onena izan zedin tematu dira. “Buruhandi berrien sorreran oso presente izan dugu korrika ibiltzeko prestatuak egon behar zirela”, azaldu du buruhandien arduradunak. Izan ere, Calvok nabarmendu duenez, berriak izan arren, buruhandiak korrika egiten jarraitzea argi zuten, familiengana hurbiltzen eta jotzen jarraitu zezaten.
Horretarako, buruhandiak egiterakoan material hautaketa eta diseinua asko zaindu dira. Eneko Calvok erantsi duenez, “berriek buruak eusteko sistema berezi bat dute eta gogorrak dira, beraz, alde horretatik uste dut ez dugula arazorik izango”. Asmo honek, buruez gain, jantzi berrien sorreran ere eragina izan du. Intxaustik aipatu duenez, “arropa berezia prestatu dugu, politagoa izateaz gainera, erosoagoa ere izan dadin”. Are gehiago, jantziak buruhandiak eraman ohi dituzten pertsonen neurri ezberdinetara egokitu ahal izateko prestatu dira.
Estreinaldi handiaren esperoan
Buruhandien aurkezpena egiteko egun berezia aukeratu zuten. Apirilaren 26an zapaldu behar zituzten buruhandi berriek Irungo kaleak lehen aldiz, Irun´go Atsegiñak elkartearen 103. urteurrena ospatzen zuen egunean. Eguraldi txarrak ordea, ekitaldia bertan behera utzi zuen. Elkartetik adierazi dutenez, “Elkartearen 103. urteurrenaren eguna zen, eta ilusio handiz prestatua genuen konpartsako zortzi buruhandi berrien lehen irteera”. Izan ere, segurtasuna eta elkartearen ondare festiboaren zaintza lehenetsiz hartutako erabakia izan da. Beraz, aurkezpenaren maila berean dagoen data bat aurkitzen dutenean, elkartetik aurkezpen data berria jakinaraziko dute.
Behin merezitako aurkezpena eginda, konpartsako erraldoiak eta buruhandiak batera ateratzen jarraitzea da ideia. “Egia da batzuetan erraldoiak bakarrik atera izan direla, baina behin buruhandien proiektua amaituta, elkarrekin joango dira beti”, adierazi du Eneko Calvok. Calvok erantsi duenez, “buruhandi berriak jendeari gustatzea espero dugu, haietaz disfrutatzea eta konexio berri hori sortzea”.
Ondare irundarra
Buruhandiak berriro kaleetan korrika jartzeko buru gainean ipiniko dituzten konpartsakideak ere ezinbestekoak izango dira. Haitz Intxaustiren hitzetan, “oraingoz buruhandiak eramateko prest dagoen jende nahikoa dugu, baina, badaezpada, beti ondo dago jendea soberan izatea”. Horregatik, konpartsara batzeko interesa dutenak elkartearekin harremanetan jartzera gonbidatu ditu buruhandien arduradunak.
Behin proiektua amaituta, Irun´go Atsegiña Elkarteak konpartsa bere osotasunean berreskuratzea lortu du. Elkartekideek azaldu dutenez, proiektu honek, hiriko kulturan eta historian inbertitzeaz gain, Irun’go Atsegiñak jai ondarearen zaintzarekin duen konpromisoa indartzen du. Calvoren hitzetan, “kontuan izan behar da konpartsa hau, behar bada Irungo edo Euskal Herriko konpartsa zaharrenetariko bat dela, zaharrena ez bada”. Izan ere, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa Irungo kultura nortasunaren funtsezko zati bat da, eta presentzia nabarmena du bere jai eta ospakizunetan. Elkarteko idazkariak gehitu duenez, “Konpartsari bizi berri bat emateko indar handia jarri dugu, erraldoi eta buruhandi hauek beste 100 urte baino gehiagoz irautea nahi dugu eta”. Beraz, Irunen ondare oso garrantzitsu bat da Irun´go Atsegiña elkartearen eskuetan dagoena.
Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



