Barazkiak, auzoan

Landetxa-Katea auzoko Nafarroa Beherea kalean, baratze koskorra dago gaur egun. Garai batean, zaborra pilatzeko edo zakurrak paseatzeko besterik ez zuten erabiltzen lursaila. Hesi txikia du inguruan, baina aterik ez, bizilagun orori irekita baitago. Baratzea banatuko duen partzelarik ere ez dago. Duela bi urte atondu zuen lursaila hamabost laguneko talde batek. Elkarlanean lantzen dute orain baratzea, eta uzta elkarbanatzen dute.

SONY DSC

Azaloreek tomateak ordezkatu dituzte jada. Udazkena aurrera doa, eta barazkiak aldatzeko lanean ari dira Landetxako baratze komunitarioan. Denborarekin ikasi dituzte epeak eta prozedurak. Hasieran, ez baitzuten laborantzari buruzko ezagutzarik. “Ez genuen inolako esperientziarik”, onartu du Edgar Indurriak. Ikastaro txikiak egin dituztela, baina batez ere, auzoko baserritarren baratzeak arretaz behatu dituztela azpimarratu du Cristina Bravok: “Zer landa-tzen ari diren begira-tzen dugu, eta horrela konturatzen gara atzeratuta gabil-tzan edo ez”. Landako bizimoduarekin lotura handia izan du beti Landetxak. Hori dela eta, bizilagun askoren ekarpenak jasotzen dituzte. “Baratzearen aurretik pasatzerakoan begira gelditzen dira, eta aholkuak ematen dizkigute”, erantsi du Bravok.
Duela bi urte sortu zen Landetxako baratze komunitarioa. Kutxabank-ek antolatutako Ekoliderrak ikastaroan parte hartu zuen Cristina Bravok, garapen jasangarriaren gaian interesatuta. Amaierako proiektu bat egin behar izan zuen, bere taldeekin batera. Auzoko baratze komunitarioaren ideia bururatu zitzaien. Irudizko proiektu hura errealitate bihurtzeko ahalegina egin zuten ondoren. Laster bidelagun posible batzuk topatu zituzten arren, proposamena auzo osoari zabaltzea erabaki zuten. Horretarako, Landetxa Auzo Elkartearekin harremanetan jarri ziren. “Laguntza handia eman digute”, aitortu du Cristina Bravok. Aste Kulturalaren harira, erakustoki bat jartzea proposatu zieten, bizilagunek baratzeari buruzko informazioa jasotzeko edota proiektuarekin bat egiteko aukera izan zezaten. “Arrakasta izan zuen. Aste Kulturalean sortu zen lehen lan taldea”, gogoratu du Edgar Indurriak.
Lursaila begiz jota zuten aspalditik. Abandonatutako eremua zen, inolako erabilpenik ez zuena. Auzoaren erdian zegoen, Elatzeta ikastetxearen atzean. Hondakindegia zirudiela adierazi du Edgar Indurriak: “Garbitzen eta lurrari buelta ematen egon ginenean, zabor pila bat atera genuen”. Lursaila Irungo Udalarena zela jakin zutenean, lagatzeko eskatu zieten arduradunei, proiektua azaldu eta gero. Udalak aurrera egiteko baimena eman zien. Lursaila egokitu behar izan zuten ondoren. Horretarako, traktore bat alokatu zuten, luze-luze zegoen belarra mozteko, eta lurrari lehen buelta emateko. Lurraren lagin baten analisia ere egin zuten, laborantzarako egokia zen ziurtatzeko. “Baiezkoa eman ziguten, eta lanean hasteko konfirmazioa izan zen hori”, azaldu du Cristina Bravok.
Komunitarioa eta ekologikoa
Hamasei kide ditu, gaur egun, Landetxako baratze komunitarioak. Hilean behin bil-tzen dira asanbladan, erabakiak hartzeko eta hilabeteko antolaketa egiteko. Astean zehar txandaka zaintzen dute baratzea, eta larunbatetan, denak elkartzen dira, lan handienak egiteko. Taldea “oso aberatsa” dela baieztatu du Bravok: “Adin eta herrialde ezberdinetako jendea dago. Ezagu-tzen eta kulturaren transmisioa ahalbidetzen du horrek”. Hiroe Kiuchi japoniarra da. Baratzeko kideen eskutik asko ikasi duela onartu du: “Zerba jateko ohiturarik ez nuen, adibidez. Hemen erakutsi didate nola jaten den, edo zein errezeta erabil daitekeen prestatzeko”. Kai semearekin joaten da Kiuchi baratzera. Bost urte besterik ez ditu Kaik, baina gustura aritzen da lanean. Haurrentzako espazio bat prestatu dutela azaldu du amak.
Bizilagunek baratzearekiko duten errespetua agerikoa da. Ateak giltzarraporik ez duen arren, inolako arazorik ez dute izan sekula. Gomendioak esker onez hartzen dituzten bezala, interesa duen edonori informazioa edo azalpenak emateko prest daude baratzeko kideak. Ondoan dagoen Elatzeta ikaste-txeko arduradunekin harreman ona dute, adibidez. Elatzetako ikasleak astean behin joaten dira baratzera, eskola orduetan. “Gogoz etortzen dira, eta asko ikasten dute”, adierazi du Cristina Bravok. Elatzetako nerabeengan interesa piztu dutela uste du: “Etxera bidean baratzearen aurretik pasatzen direnean, tomateak kendu ditugula komentatzen entzuten ditugu, adibidez. Ekarpen txiki bat egin dugu behintzat. Madrilgo lagun batek esan zidan, bertan, ikastetxetik supermerkatura eramaten dituztela haurrak, barazkiak ezagu-tzeko. Hori zentzugabea da”.
Landetxako baratzearen beste ardatza, ekologia da. Barazkientzat edo lurraren-tzat kaltegarriak diren produktu kimikorik ez dute erabiltzen. “Alternatiba naturalak baliatzen ditugu, osinen minda, esaterako”, aipatu du Edgar Indurriak. Nutrizionista da, eta osasunari dagokionez, kontsumo ekologikoa “oso gomendagarria” dela nabarmendu du. Landetxakoa ez da apustu isolatua. Behe Bidasoa eskualdean baratze komunitario, baratze kooperatiba edo kontsumo talde gehiago sortu dira azken urteotan. Krisi ekonomikoarekin lotu du gorakada Cristina Bravok: “Dena ziklikoa da. Baratze komunitarioen moduko proiektuak krisi garaietan sortu izan dira beti. Jatekorik ez duzunean, alternatibak bilatu behar dira”. Landetxako baratzea ezin da askoz gehiago hazi. Hala ere, erabilpenik ez duten beste espazio asko daudela gogoratu du Bravok: “Antzeko proiektuak sor daitezke”. Landetxan, behintzat, frogatu dute ereduak fun-tziona dezakeela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude