Apirilaren 29an eta 30ean, Irungo Palmera Montero gunean, bazterketa arriskuan dauden kolektiboei buruzko informazio eta sentsibilizazio jardunaldiak egingo dira, 09:00etatik 14:30era. Bertan eskualdeko elkarteek eta kolektibo horietako pertsonek hartuko dute parte, beren bizipenak eta ikuspegiak partekatuz.
Jardunaldiak irekiak dira hezkuntza-komunitatearentzat, gizarte-arloan diharduten profesionalentzat, komunikabideentzat eta gizarte bidezkoago eta barneratzaileago baten alde lan egin nahi duten guztientzat.
Apirilaren 29an, astelehena, jardunaldiak gaztelaniaz izango dira, eta honako gai hauek landuko dira eta hauekin lotutako elkarte hauek parte hartuko dute:
- Gutxiengo etnikoak: Kaledor Kayiko eta Kera elkarteak
- Arriskuan dauden adingabeak: Kabia Kale Hezitzaileen Elkartea
- Hautatua ez den bakardadea: Laguntza Gutunak proiektua eta psikologo bat
- Gizarteratze prozesuan dauden preso ohiak: Arrats Elkartea
Apirilaren 30ean, asteartean, jardunaldiak euskaraz izango dira, eta honako kolektibo hauek izango dira ardatz, beren ordezkari edo elkarlanean ari diren erakundeekin:
- Mendekotasunak (substantiadunak eta portaerazkoak): Norbera Elkartea
- Egoera zaurgarrian dauden familiak: Beroa Elkartea eta familia hezitzaile bat
- LGTBI+ kolektiboa: Naizeneko kide bat
- Migratzaileak: Kaleko Afari Solidarioak eta Gari Garaialde argazkilaria
- Etxerik gabeko pertsonak: Caritasen kolaboratzaileak
Ikasleentzako erronka
Jardunaldi hauek Plaiaundiko Gizarteratze Goi Mailako 1. mailako ikasleei planteatutako erronka pedagogiko baten emaitza dira: “Gizarte esku-hartzean zubiak eraikiz”. Erronkaren bidez, ikasleek gizarte-eragin errealeko ekitaldi bat diseinatu, antolatu, gauzatu, ebaluatu eta komunikatzeko aukera dute, euren prestakuntza prozesuaren barruan.
Bi egunetan zehar, GIZ3A eta GIZ3D taldeetako ikasleak izango dira protagonistak, eta haiekin batera izango dira gonbidatu gisa Easoko Gizarteratze ikasle eta irakasleak, apirilaren 29an, eta Plaiaundiko Haur Hezkuntzako ikasle eta irakasleak, apirilaren 30ean. Bi jardunaldien hasieran, zuzendaritzako ordezkari baten sarrera instituzionala aurreikusten da.



